Euskara arlo sozioekonomikoan bultzatzearen garrantzia nabarmendu du Ollok, 'Euskara langai' jardunaldien irekieran

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 25a, 07:54

Hirurogei pertsonak baino gehiagok parte hartu dute enpresen eta erakundeen hizkuntza-kudeaketaren arloko jardunbide egokiei buruzko programa honen lehen saioan.

Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak Euskara Langai jardunaldien lehen edizioa ireki du. Programa berri hau Euskarabidea erakundearen bidez antolatu da, eta hizkuntza-kudeaketan ardura duten enpresa zein erakundeentzako topagune izan nahi du, baita haien jardunbide egokien erakusleiho ere.

Guztira 60 pertsonak baino gehiagok parte hartu duten lehen jardunaldian, Ollo kontseilariak nabarmendu du sektore sozioekonomikoa funtsezkoa dela hizkuntza baten bizitasunerako, eta azken urteotan izaera hori aitortu diola Nafarroako Gobernuak, plangintza estrategikoaren esparruan. Adierazi du, gainera, "euskara, gure erkidegoko berezko hizkuntzetako bat da, lan-munduan, merkataritza-harremanen munduan, enpresa-zerbitzuetan eta, oro har, jarduera ekonomikoan sartzen dena”.

Hainbat enpresak euskara erabiltzen dute, bai barne-funtzionamenduan, bai kanpo-zerbitzuetan, eta tamaina ezberdineko erakunde horiek testuinguru soziolinguistiko eta sektore ekonomiko anitzetakoak dira. "Hala ere, euskarak sustapen handia behar du oraindik, enpresa gehiagok hizkuntza-kudeaketan normaltasun osoz aintzat har dezaten, gizarteari ematen dizkioten zerbitzuen balio erantsitzat har dezaten eta lehiakortasunaren gako garrantzitsutzat har dezaten", gaineratu du kontseilariak.

Hain zuzen ere, ikuspegi aldaketa hori bultzatzeko jarri da abian ekimen hau, eta horrek ere sare sendo bat sortzea erraztuko du, eragile batzuek besteengandik ikasi, baliabideak partekatu eta Nafarroako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzeko erronkari elkarrekin aurre egin ahal izateko.

Ildo beretik, Ollo sailburuak adierazi du ziur dagoela bilera baliagarria izango dela elkarrekin aurrera egiteko bideak adosteko. Aurrerapena, mundura irekita, orainaldiko eta etorkizuneko aktiboa den eta gizarte gisa dugun balioa biderkatzen duen hizkuntza batentzat.

Jardunaldian Euskarabideko zuzendari gerente Mikel Arregik ere parte hartu du, eta gogorarazi du euskara eragin sozioekonomiko txikiko hizkuntzatzat hartu izan dela Nafarroan, eta nolabaiteko joera egon dela euskara sustatzeko egindako edozein inbertsio gastutzat soilik hartzeko. Gaineratu du ikuspuntu horrek eragotzi egiten digula euskarak aberastasuna sortzeko eta garapenean eragiteko duen balioa eta ahalmena ikustea.

Gainera, hizkuntzaren inguruko diskurtso berri bat eraiki eta gizarteratu behar dela defendatu du, euskarak Nafarroan duen balio ekonomikoa aitortuko duen adostasun soziala lortzeko.

Lehenengo topaketa honetan Mikel Irujo Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria ere izan da.

Mapsa, Ederlan, Club Atlético Osasuna, Iturri Kontserbak, Oreka IT, Labrit Ondarea eta To-Topa Shop Plataformaren eskutik Nafarroako alor sozioekonomikoan ematen diren praktika onak ezagutu ahal izan dituzte parte-hartzaileek. Foru Erkidegotik kanpoko erakundeek ere parte hartu dute jardunaldian: Lanabesek, Euskaragileak eta Indeusek. Jardunaldiaren egitaraua osatzeko, solasaldia egin dute Nafarroako AJE, Izarra Tanatorioa eta TINCk, eta eta ondorioen eta erronken azterketa Elhuyar Aholkularitzak, Emunek eta Ahize-AEKk egin dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!