Arturo Campion euskaltegiak besta eguna antolatu du biharko, 50. urteurrena ospatzeko

Juan Kruz Lakasta 2022ko mai. 20a, 13:55

[Argazkia: Festaro]

Hainbat ekitaldi izanen dira 11:30ean hasi eta gauera arte

Maiatzean besta eguna urtero egiten dute IKAko Arturo Campion euskaltegiko ikasleek eta irakasleek. “San Arturo Eguna esaten diogu”, azaldu digu, Metropoli Forala saioan, euskaltegiko irakasle Xabier Martinez Lezeak. Aurtengoa, baina, San Arturo egun berezia izanen da, euskaltegiaren 50. urteurrena ospatuko baitute, eta ikasle zein irakasle ohiak gonbidatu dituzte ospakizunetara. “Datu adierazgarri bat: Argileku ostatuan eginen dugun herri bazkarirako 150 txartel saldu ditugu, agortu egin dira”, azaldu digu Martinez Lezeak.

“Hasiera batean, biharkoa 50. urteurreneko azken ospakizuna izan behar zen, baina beste ekimen batzuk sortu dira, adibidez, dokumental bat, Amaia Merinorekin grabatzen ari garena”, iragarri du IKAko irakasleak. Pozik dira azken hilabeteotan egin dituzten ospakizun ugariekin: “Urteurrenarekin zer egin aztertzeko elkartu ginenean, ideia ekaitza egin genuen, eta hainbat kontu sortu ziren. Azkenean, ederrenak errealitate bihurtu ditugu”, esan du pozarren Martinez Lezeak. “Herri ekimenetik sortutako euskaltegia da gurea, nola sortu zen ezagunaraztea eta ospatzea gauza ederra izan da”, gaineratu du.

Ekitaldiak goizeko 11:30ean abiatuko dira, Compañia karrikan; izan ere, euskaltegiak han izan zuen lehendabiziko egoitza. Han plaka bat jarriko dute, eta jarraian kalejira eginen dute Gazteluko plazaraino. Plazan, bertsolariak, jotak, aizkolariak eta musika izanen da. Kasu taldeak urteurrenerako espresuki sorturiko kantua joko du: 50 urte, 11 istorio.

14:30ean bazkaria eginen dute Argileku ostatuan. Bazkalondoan, han bertan, dantzaldia eginen dute Jarauta 69 txarangarekin. 19:00etan, Argilekutik Alegria peñara karrikadantza eginen dute, jarraian Euskaraokea egiteko, Duguna dantza taldeko zenbait musikarik lagundurik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!