Nafarroako Torturatuen Sareak gaur goizean egin du elkartearen aurkezpen ofiziala Nafarroako Parlamentuan. Herritarrekiko Harremanetarako batzordean izan dira Jorge Txokarro eta Ainara Gorostiaga. “Zergatik ari gara lanean elkarte honetan, zeintzuk diren helburuak, zein lan egiten ari garen azalduko dugu”, azaldu du Txokarrok Euskalerria Irratian.
1961 eta 2012 artean mila torturatu inguru izan zirela adierazi zenuten elkartearen aurkezpenean, eta zerrenda ahalik eta zehatzena osatzea duzuela helburu. Nola doa lana?
Auzolanean Nafarroan zehar ari gara lana egiten, kriston lana. Jende asko dago lanean horren atzean, eta gaur egun auzi asko aztertzeko daude. 994 tortura kasu zenbatu ditugu, eta 822 pertsona torturatu erroldatuta ditugu. Baina jakin badakigu ere, etorkizunean, zoritxarrez, igoko dela zenbatekoa.
Auzolanean egiten ari zarete errolda hori, baina diozue beharrezkoa dela ikerketa zientifiko ofizial eta independente bat.
Zalantzarik gabe, hori izan da gure lehenbiziko eskakizuna. Torturari aurre egiteko ezinbestekoa da halako lan independente eta profesionala egin ahal izatea. Hortaz izan gara ez bakarrik aldarrikatzen, lanean ere instituzioekin etorkizunean burutu ahal izateko halako ikerketa bat. Horrekin buru-belarri gaude, eta espero dezagun horren inguruan instituzioak edo nafar gobernuak mugitzea.
Nafarroan torturaren fenomenoa ikertzeko konpromiso parlamentarioa bada, 2016koa. Baina oztopo ugari jarri zaizkio horri. Polizia indarkeriaren biktimen aitortzarako legea izan daiteke adibide bat?
Bai, izan daiteke adibide bat. Gaur egungo legeak ez ditu barneratzen torturaren auziak, poliziak egindako beste batzuk biltzen ditu. Ez da lege bat gure errealitatera egokitzen dena. Ikusiko dugu etorkizunean nola egokituko den hori legearen garapenean. Behin-behinean joango gara ikusten zer aukera dauden horretan lan egiteko. Argi dago ere ez dela gure lehentasuna, baina zentzu horretan ere harremanetan ari gara instituzioekin.
Manifestazio bat iragarri duzue Torturaren biktimak babesteko Nazioarteko Egunaren bezperan.
Deialdia egiten diogu nafar jendarteari, arlo guztietako jendeari, ekainaren 25ean 18:30ean Baluartetik abiatuko den mobilizaziora bertaratu dadin. Jendartearen babesa nahi dugu egun horretan, instituzioen babesa nahi dugu eta ate bat ireki inpunitatearekin amaitu ahal izateko.
Alde, talde politikoak
Torturatutako Pertsonen Sarearen eskaerek talde politiko guztien babesa jaso dute, eta atxilotuen duintasuna bermatzearen alde agertu dira. Halaber, Navarra Sumak protokoloak berrikustearen eta Europako erakundeen gomendioak aintzat hartzearen alde egin du. Hala ere, Navarra Sumak aitortu du ez duela inoiz onartuko estatuko egiturazko indarkeria egon denik, horrek estatuaren aurkako borroka politikoa izan zela onartzea litzatekelako.
Argazkia: Nafarroako Parlamentua