Beñat Jusue (Gazte Euskaltzaleen Sarea): “Euskaraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldi bat gara”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 20a, 10:38

Euskaren borrokari ekarpena egin nahi dio Euskara Aurrera-k, “diskurtsoan eta forman”. Bihar manifestazioa eginen dute Donostian, euskarari herri bultzada emateko. 

"Euskara Aurrera" adierazpenarekin bat egin dute Nafarroako hainbat herritar eta eragilek. Horietako bat da Beñat Jusue gaztea. Harekin mintzatu da Euskalerria Irratia.

Union Tutera, Hordago, NUP euskaraz taldeetako kide zara, besteen artean. Euskara Aurrera adierazpenarekin eta protestarekin bat egin duenetako bat ere. Zer dela-eta ?

Gazte Saretik abiatutako manifestazio bat da. Euskararen borrokan fase berri bat irekitzeko beste aurrerapauso bat izanen da. Pandemiatik atera eta gero, pertsonak erdigunean jartzen dituen fase horretan, ikusten genuen gazteok hartu behar genuela lekukoa eta manifestazio bat planteatu ahalik eta jendetsuena.

Gazte Euskaltzaleen Sarea da sortu duzuena. Euskal Herriko gazte guztiak batzea da helburua?

Bi helburu nagusi ditugu. Lehenengoa, euskararen gaiari belaunaldi oso bat atxikitzea. Bigarrena, berriz, belaunaldi oso horretatik ere ekarpena egitea, bai diskurtsoan bai formetan euskara berritzeko. Duela hilabete bat sortu genuen, baina aspaldiko prozesu baten ondorioa da.

Bihar izanen da lehenengo manifestazio, aldarrikapenetan edo aldarrikapen horiek kalera ateratzeko moduan berrikuntzarik ekarriko ote du?

Gazteen mailatik salatzen duguna da gazteongan zama bat uzten dela: euskaraz egin nahi ez dugula. Guk salatzen duguna da, nahiz eta guk euskaraz bizi nahi izan eta euskaraz bizi den etorkizuneko belaunaldia izan nahi dugun, ezin dugula. Nahi eta ezin duen belaunaldi bat gara, euskaraz bizi nahi eta ezin duen belaunaldi bat garela. Uzten ez dioten belaunaldi bat ere bagara. Euskara hizkuntza zapaldu bat da, eta administrazioek jarri beharko lukete hizkuntza politika bat euskararen bizirautea eta euskara normalizatzea bermatuko dituena.

Oztopo horien adibide asko ditugu hemen Nafarroan. Hori ere salatuko dituzte bihar.

Gonbitea egin zaio edonori bere aldarrikapenak eramateko. Askotan pentsatzen dugu EAEn euskaraz bizitzeko eskubidea dutela, eta ez da horrela. Hala ere, argi dago hemen Nafarroan eta nik Tuterakoa izanda argi daukat hemen egoera gordinagoa dela. Zonifikazioa daukagu, euskararen dekretua, azken egunotan parlamentuan sortu den hizkuntzari lotutako zurrunbiloa…. Ematen du administrazioek edo botere guneek euskararen kontrako jarrera oldarkorra dutela. Azken aldian areagotu da, eta horri erantzuteko ere izanen da manifestazioa.

Argazkia: Berria.eus

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!