Kale zurrutaren aurkako kanpainak Euskararen eta Berdintasunaren Ordenantzak betetzen ez dituela salatu du Iruñeko oposizioak

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 11a, 13:53

NA+-en zinegotziak kanpainaren aurkezpenean. Iturria: Iruñeko udala

Gehiengo aurrerakoiak salatu du gainera "gazteen kriminalizazioan" oinarritzen dela

Hizkuntza inklusiborik eta euskararen presentzia orekaturik ez dagoelako eta kanpainaren edukia desegokia dela salatu du Iruñeko Udaleko oposizioak. Gehiengo aurrerakoia osatzen duten alderdietako zinegotzirik ez zen izan atzo kale edanaren aurkako kanpainaren aurkezpenean. 

Navarra Sumak aurkeztu zituen 3 metroko altuera duten botilen itxurako 4 irudi Gaztelu Gibelean, Yamagutxi parkean, Takoneran eta Alde Zaharrean (Burgoen plazan) jarri dituztenak.

Kale zurrutaren ondorio txarrak jasaten dituzten kolektibo batzuei buruzko lau esaldi agertzen dira botiletan, genero-ikuspegirik eta hizkuntza inklusiborik gabe kanpainaren gaztelaniazko bertsioetan, izan ere, aurkeztutako 4 ereduetan gizonezkoen aipamenak baino ez dira agertzen ('Aitak kokoteraino', 'Auzokide nekatuak', 'Kale garbitzaile akituak' eta 'Tabernariak nazkatuta').

EH Bilduk sareetan egin du salaketa:

PSNren ustez, "marketing ariketa hutsa da, eta Navarra Sumak lehentasuna eman dio bere zinegotzientzako argazki deigarri bat lortzeari, gazteak sentsibilizatzeko eta informazioa emateko helburua benetan lortuko lukeen mezu baten gainetik".

Sozialistek adierazi dutenez "kale edana Iruñeko bizilagunei eta gazteen osasunari eragiten dien arazoa da, baina Navarra Sumak kriskitin hutsalaren alde egin du, hiriei eta herritarrei eragiten dizkien arriskuak azaldu beharrean".

Gainera, jartzen ari diren botila erraldoien mezu laburretan, "Ez da hizkuntza inklusiboa errespetatzen, ezta euskararen presentzia orekatua ere".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!