Euskalgintzak bat egin du "Euskara aurrera" manifestazioarekin

Iosu Ganuza García 2022ko mai. 10a, 16:27

Tartean NUPeko euskara lan-taldeak eta Oier Sanjurjo futbolari nafarrak sinatutako manifestuarekin bat egin dute AEK-k, Topaguneak eta Kontseiluak, besteak beste.

Maiatzaren 7ko euskara eta euskaldunen eskubideen aldeko Iruñeko manifestazio jendetsuaren ostean, hitzordu berria du euskarak, oraingoan Donostian. Apirilean aurkeztu zuten Euskara Aurrera ekimena, eta izen hori lelo hartuta manifestazioa deitu dute Donostian maiatzaren 21ean. 

Dinamikaren aurkezpenean izan ziren Unai Irigarai (NUP Euskaraz taldea eta Euskalerria Irratiko kolaboratzailea), Oier Sanjurjo futbolaria eta Oinatz Bengoetxea pilotariaren atxikimenduei batu zaizkie euskalgintzako eragile eta bozeramaileak: Paul Bilbao (Euskalgintzaren Kontseilua), Kike Amonarriz (Euskaltzaleen Topagunea), Urko Aierbe eta Koldo Zarate (Euskal Herrian Euskaraz), Lorea Agirre (Jakin), Jon Abril (Elhuyar), Alex Aginagalde (Pantailak Euskaraz), Rober Gutierrez
(Bai euskarari), Laida Begiristain (Maizpide euskaldegia), Koldo Tellitu (Ikastolen Elkartea), Alizia Iribarren (AEK) eta Joan Mari Larrarte (Elkar). Azken hauek egin dute manifestuaren irakurketa. 

Adierazi dute Kontseiluak larunbatean antolatutako manifestazioan agerian geratu zela  "euskalduntzeak bide zaharrak eta erronka berriei erantzuteko gaitasuna uztartu behar dituela". Euskarak herrigintza eta herritarren mobilizazioa behar duten heinean "larunbatean Iruñean eta igandean Senperen milaka euskaltzalek nahiz Euskal Herriaren etorkizuna euskaraz irudikatzen duten pertsonek kaleak eta laku ertzak" hartu zituztelarik "euskararen aldeko herri gogoa badela eta aurrerantzean egongo dela" argi geratu dela adierazi dute.

Euskarak egun bizi dituen erronkak eta dituen oztopoak zerrendatu dituzte: "epai juridikoen areagotzea, egungo hizkuntza politikak, ezagutzaren unibertsalizazioa, eremu digitalean bertako hizkuntzaren presentzia...

Egoera honetan ohartarazi dute gaur gaurkoz ezin daitekela "esan euskararen etorkizuna bermatuta dagoenik". Hori dela eta aurreko urte eta hamarkadetan euskara bizirik mantendu, eta XXI. mendera arte ekarri duten "milaka euskaltzaleen konpromisoa" txalotu dute eta etorkizuneko formula gisa aitortu dute.

Baikortasun mezu bat bidaltzearren "argi izpiak" eta "kimu berriak" badaudela azpimarratu dute AEKko zuzendari den Alicia Iribarren arguedastarrak eta Elkarreko Joan Mari Larrartek. Haien artean zerrendatu dituzteKorrika, Gazte Euskaltzaleen Sarea eta beste zenbait egitasmo eta elkarte, haiek gazte belaunaldi berria "euskararen aldeko borrokara batzeko" egindako lanagatik. 

Hau guztia oinarri, euskarak aurrera egin dezan eta euskararen alde borrokatzeko zenbait zergati zerrendatu dituzte:
Euskaldun gisa bizitzeko eskubidea eta nahia betetzeko.
Euskara normalizatzeko.
Hizkuntzen, hizkuntza-komunitateen eta herrien berdintasunean oinarritutako munduari gure
ekarpena egiteko.
Guztion hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Justizia eta demokrazia auzia delako hau.
Euskara herri kohesiorako zuntza izateko.
Finean, Euskal Herri euskalduna izateko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!