Aurrera egiten ari da ekoizpen ekologikoa, baina "azeleragailua zapaldu" behar du

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 5a, 13:19

David Ruiz CPAEN/NNPEKeko kidea, Itziar Gomez kontseilaria, Miriam Otxotorena CPAEN/NNPEKeko lehendakaria eta Natalia Bellostas INTIAko zuzendaria

Ekoizpen ekologikora bideratutako hektarea kopurua landa ustiaketarako bideratutakoaren %7 da eta Europak %25eko minimoa ezarri du 2030erako. 

Nafarroako nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoak hazten ari dira baina ez Europak markatutako erritmoan. Gaur aurkeztu ditu Nafarroako Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluak, CPAENek, 2021eko hazkunde datuak. Aurkezpenean Miriam Otxotorena kontseiluaren lehendakaria, Itziar Gomez Landa Garapenerako sailburua, INTIAko zuzendaria, Natalia Bellostas eta CPAENeko kide den David Ruiz izan dira.

Bertan nabarmendu dute ekoizpen ekologikora jauzi egiten duten ekoizleen kopurua hazi egin dela, baita produkzio eredu honetara bideratutako landa-hektarea kopurua ere.

Osotara 62.000 hektareatik gora nekazaritza zein abeltzaintza ekologikora bideratu dituzte azken urtean, landa eremu osoaren %7. Apalki hazi da beraz lursailen ustiaketa eta modu nabariagoan ekoizle kopurua 746 lagunek baitute CPAEN-en bermea gaur egun.

Hazkunde datuekin batera ustiaketa ereduen datuak, kontsumo eta eskariaren datuak eta nekazaritza ekologikoaren erronka eta proiektuak azaldu dituzte. Jaki ekologikoen kontsumoan estatuko laugarren erkidegoa da Nafarroa, urtean herritar bakoitzeko 39,6 kg jakirekin. Hau guztia dela eta lan ildo estrategikotzat jo du Itziar Gomez kontseilariak ekoizpen ekologikoa, eredu jasangarria eta oparoa delakoan.

David Ruizek azaldu du almendra ekoizpena eta kontsumoa duintzeko lanean ari direla CPAEN, INTIA eta beste hainbat elkarte eta enpresa, produktuari ahalik eta etekin handiena ateratzeko. Izan ere Nafarroako hainbat eremutan dago almendra, 435 hektarea ekologikoan baina zuritzeak eragiten duen garestitzeak ekoizleek zuhaitzak «uztea» eragiten du.

Honekin batera belaunaldi aldaketaren handicapa gainditzeko Zunbeltz test eremua martxan jarri dute Urbasa inguruan, abeltzain gazteak ekoizpen ekologikoaren arloan murgiltzeko eta lehen urratsak eman ditzaten.

Azkenik zehaztu du eskola jantoki eta otordu ekologikoen proiektuan 55 ikastetxek parte hartzen dutela eta horrek 650.000 eurotik gorako etekina eragiten diela ekoizleei. Lerro honi jarraituta erietxe eta egoitzetan eredua txertatzeko proiektua azaldu du.

Mirian Otxotorenak gaineratu du,Ukrainako krisiak agerian utzi duela eredu estentsiboa bideragarria dela ekoizle zein kontsumitzaileentzat, ezbaitute horrenbeste nabaritzen lehengaien prezioaren garestitzea.

Gomez kontseilariak gaineratu du amaieran Zuzeneko Salmenta eta merkataritza kanal Laburrak susatzeko legea prestatzen ari dela Gobernua, egungo legeak ezartzen dituen osasun ikuspegiko mugak gainditzeko helburuarekin.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!