Compromis taldeko Carles Mulet senatariak egin du galdera Espainiako Senatuan, Rio Aragon elkarteak eskatuta. Eta CHEren erantzunak susmoak berretsi ditu: Esaren handitzeak gainkostu itzela izan du.
Gauzak horrela, Rio Aragon elkarteak salatu du CHE iruzur egiten ahalegindu dela, hasierako aurrekontuetan aurreikusi gabeko eta gerora sortutako partidak behin eta berriz ezkutatuz. Elkarteak salatu duenez, bada garaia obraren amaiera birplanteatzeko eta betetzeari uko egiteko.
Mulet Senatariari erantzunez, CHEk Esako handitze obretan aurrekontuan jasotakoari eta gastatutakoari buruzko datu errealen berri eman behar izan du. Rio Aragon Elkartetik azpimarratzen dutenez, neurri handi batean, aurrekontuaren hazkundea proiektuaren zorroztasun tekniko faltaren, presa dagoen lurraren akats konponezinen eta egindakoaren egikaritze negargarriaren ondorioz gertatu da.
Beharrezkoa izan da galderak errepikatzea eta zehaztasun handiagoa eskatzea CHEk benetan inbertitutakoa 380 milioi direla onartu behar izateko, hau da, orain arte aitortutakoa baino %75 gehiago. Eta hori guztia, obra osagarriak, larrialdikoak edo desjabetzeak handitzekoak ezkutatzen saiatu zirelako. Esako magalek jasaten dituzten lerradura konponezinek zerikusi handia izan dute horretan, Rio Aragon Elkarteak azpimarratu duenez.
CHEk emandako erantzunean ere egiaztatu da Esako aurrekontua ez dela 283 milioikoa, gutxienez 443 milioi eurokoa baizik. Horrek esan nahi du duela 22 urte Esako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari (Ferrovial Agromán, ACS eta FCC) esleitutakoaren kostua laukoiztu egin behar dela, edo duela 11 urte proiektua kota jaitsiz birdefinitu zuen hirugarren aldaketa bikoiztu. Rio Aragon elkartearen aburruz, “obraren adibide lotsagarria da, eta negozio handia bihurtzen da esleipendunentzat, aurrekontua etengabe handituz”.
2022ko martxoaren 23an, Espainiako Gobernuak honako zifra hauek aitortu ditu idatziz, Esa handitzeko obren indarreko aurrekontuari dagokienez: obra nagusia 11.030.181,70 euro, eta desjabetzeak 123.103,30 euro. Eta Esako urtegia jasotzeko obren indarreko aurrekontua honako hau da: obra nagusia 315.922.020,20 euro, lehen osagarria 27.349.049,58 euro, desjabetzeak 58.855.460,28 euro, berandutze-interesak 903.264,59 euro, larrialdiak 25.000.000,00 euro, eta beste 3.950.042,40 euro.