Asteazkenean Javier Remirez presidenteordeak aurreratu zuen, eta atzo, osteguna, Isabel Rodríguez Lurralde Politikako ministroak baieztatu zuen Trafiko Eskuduntzaren Nafarroarako eskualdatzea gauzatzetik urrun dagoela.
Hainbat izan dira hiru urtetan eskuduntza aldaketa hau sinatzeko ezarritako edo iragarritako datak baina asteazkenean presidenteorde eta Foru agintaritzako bozeramaileak onartu zuen "Nafarroaren eta Estatuaren arteko jarrerak ez daude gertu eskualdatzearen kostu ekonomikoari dagokionez".
Gogoratu behar da Pedro Sanchez Espainiako presidenteak 2019ko maiatza baino lehen gauzatzeko konpromisoa hartu zuela, eta, harrezkero etengabe atzeratu egin dela.
Trafikoaren eskualdatzea gauzatzeko sinadura 2020ko urrirako aurreikusita egon zen, baina, pandemia tarteko, ez zen gauzatu. Baita iazko abenduaren 1erako ere, baina azkenean atzeratu egin zuten arrazoi "teknikoengatik". Hala ere, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak berak, José Luis Arastik, aurtengo lehen hiruhilekorako ezarri zuen exekuzioa, baina azkenean ez da gauzatu.
Atzerapena justifikatzeko azken argudioa Hitzarmen Ekonomikoaren inguruko akordiorik eza izan zen, baina hori ere ez da nahikoa. Izan ere atzo sinatu zuten Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Isabel Rodriguez Lurralde Politiketarako ministroak Gutxieneko Diru-Sarreraren kudeaketaren eskualdatzea eta bertan Madrilgo agintariak berretsi zuen Ministroaren esanetan, "teknikoak, juridikoak, ekonomikoak eta izapide administratibokoak" diren hainbat kontu ixtear direla oraindik. Hala ere, adierazi zuen bai Nafarroa eta bai Estatua "lanean" ari direla.
Orain arte pentsatzen zen, horrela esaten baitzen, transferentzia ia egina zegoela arlo teknikoan, eta oztopo bakarra zuela: Estatuarekiko banaketa ekonomikoa Hitzarmen bidez.
Gutxieneko errenta, bai
Atzo ordea Nafarroa eta Espainiako gobernuen arteko Transferentzia Batzarrak Gutxieneko Errentaren kudeaketa eskualdatzeko akordioa sinatu zuen. Txibitek nabarmendu zuen diru hori kohesio sozialeko neurri indartsua dela, eta Foru Erkidegoak kudeaketa bere gain hartzea beste urrats bat dela herritarrei zerbitzuak emateko hobekuntzan. Txibitek adierazi zuenez , prestazio horrekin, bermatutako errentarekin bezala, "pobrezia eteteko, gizarteratzearen alde" eta hori lortzeko "laguntza eta bultzada behar duten pertsonen enplegagarritasuna errazteko" lan egiten du exekutiboak.