Osasunak eskuartean du salbazioa. Ez matematikoki baina bai birtualki. Azken bost urteotan 38 puntu aski izan dira mailari eusteko. Hori gutxi balitz, oraindik bederatzi jardunaldi gelditzen dira denboraldia amaitzeko eta, hartara, oso litekeena da gorritxoek puntu gehiago patrikaratzea.
Camp Noun jasoriko jipoiaren ondotik (0-4), Osasunak helburu bikoitza zuen larunbatean: zaleei irudi ona zein garaipena eskaintzea, eta hala salbazio birtualera iristea. Biok ala biok erdietsi zituen, huts egite larriak egin zituen aurkari baten laguntzaz.
Azken sailkatua izatea zama handia da, bereziki Europarako sailkatzeko diseinaturiko taldea bazara. Levantek beltz egin zuen lan lehen zatian, batez ere eraispenean. Baina eraikitzen ere ahalegindu zen: lehen 45 minutuetan baloiaren jabetza %51n izan zen berea, eta atera egindako jaurtiketetan parra egin zuen Osasunarekin.
Haatik, Levantek ez zuen golik egin, eta Chimy Avilak bai, lehen zatiko azken minutuan. Bigarren zatiaren hasieran, huts egite larri baten bide gola oparitu zion Levantek Osasunari: Ruben Garciak ederki lapurtu zuen baloia aurkariak zelai erdian azkarregi ateratako falta batean, eta haren pasea bikain sareratu zuen Budimirrek. Hirugarrena Darkoren beste berreskurapen batean iritsi zen.
Amaierarako ordu laurden falta zela, Levantek bere gola sartu zuen. Azken txanpan, Arrasatek Oier Sanjurjo, Roberto Torres eta Iñigo Perezi minutu batzuk jokatzeko aukera eman zien.