2021ean indarkeria matxistaren 1.085 biktima artatu zituen Berdintasun Institutuak

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 18a, 07:46

Indarkeria matxistaren aurkako manifestazioa, Iruñean, 2021eko azaroaren 25ean (Argazkia: Ekinklik)

Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (INAI) indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko taldeek 1.085 emakume eta haien 68 seme-alabak artatu zituzten 2021ean. 2020an baino % 8,39 emakume gehiago dira. Horietatik 126 larrialdi-zentroetara bideratu dira; 11 harrera-etxeetara eta 7 egoitza-etxebizitzetara, seme-alabekin batera.

Hala jakinarazi du ostegun honetan Eva Isturiz INAIko zuzendari gerenteak, prentsaurrekoan, Eduardo Sainz de Murieta Foruzaingoko ikerketa kriminaleko arloko buruarekin eta Cristina Eseverri Foruzaingoko Asistentzia Brigadako ikuskatzailearekin batera, bi erakundeek emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta, laguntza eta babesa emateko elkarrekin egiten duten lanaren berri emateko.

Isturizek gogorarazi duenez, laguntza hori jasotzeko ez da beharrezkoa salaketa bat egotea: "Badakigu zein zaila den emakume askorentzat pauso hori ematea”. “Hala ere, emakumeen aurkako indarkeria-delituak zigorrik gabe ez geratzeko tresna da salaketa", gaineratu du.

Bestalde, 2021ean Nafarroan dauzkagun polizia kidego guztien artean 1.639 salaketa jaso zituzten, aurrekoan baino %5,81 gehiago. Egunero lau salaketa baino gehiago eta hilean 135 salaketa inguru. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztietan jasotzen dute: fisikoa, psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa. Foruzaingoak 667 salaketa jaso zituen emakumeen aurkako indarkeriagatik. Aurtengo urtarrilean, Nafarroan jarduten duten polizia-kidegoek 136 salaketa jaso dituzte emakumeen aurkako indarkeriagatik.

INAIko zuzendari gerenteak azpimarratu duenez, salaketen gorakada horrek "alarma soziala" sor dezakeen arren, "gero eta biktima gehiagok" salatzen dute, arazo hori agerian geratu delako.

Foru Gobernuak "berdintasunaren alde eta emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde" duen "erabateko konpromisoa" azpimarratu du, eta "emakumeen aurkako indarkeria hutsaltzen duten mezuen aurrean" kezka agertu du. Hala, Nafarroan, iazko uztailetik, bi emakume hil dituztela eta "tratu txarren eta mota guztietako erasoen biktima gehiago" daudela azpimarratu du.

Indarkeria matxista pairatzen baduzu, deitu 016 zenbakira. Fakturan ez du arrastorik uzten, baina sakelako telefonoaren memoriatik ezabatu beharra dago.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!