Ingelesek ba dute madarikazio berezi bat, madarikazio txinatarra deitzen dutena, eta hala dio: “Garai interesgarriak bizi ditzazun opa dizut”. Ezin uka daiteke Pernando garai interesgarriak bizitzen ari zarela Europako Parlamentuan.
Egia esan, tokatzen ari zaiguna nahiko berezia da. Lehenengo urte hauek pandemiak izugarri mugatu egin ditu hemen parlamentuan. Orain, Ukrainako gerra panorama beldurgarri bat ezartzen ari da. Adin bat daukagunok, eta horretan gaude zu eta biok, gogoan daukagu irailaren 11, eta irailaren 11k ireki zuen aro berria segurtasunari eta askatasunaren murrizketari dagokienez. Eta nik susmatzen dut honek antzeko zerbait ekar dezakeela.
Eta hainbat edo zenbait analista ere aipatzen ari dira 1914ko izpiritua. Lehen Mundu Gerraren hasieran, hainbat lurraldetan, halako euforia gailendu zen ezker zein eskuineko alderdi politikoetan, hedabideetan, herritarren artean. Sumatzen duzu halako girorik Europako Parlamentuan?
Euforia hori baldin badago, beste gune batzuetan izango da, ez parlamentuan. Sare sozialetan, edota Otamend esku sartzearekin eta indartzearekin pozten diren horien artean. Hemen, parlamentuan ez dut hori nabaritzen. Nik uste dut ezker-eskuin zabalduta dagoela errespetu zabaleko posizio bat. Gutxi gorabehera modu batez edo bestez arrazoi batengatik edo besteagatik. Susmoa daukagu denok hemen aro berri bat ireki daitekeela. Gerraren ondorioak jadanik hor daude, eta onartezinak dira. Kezka nabarmena da. Egia da santzioekin esaten ari dela “Putin, begira, kalte handia egingo dizugu” eta abar. Baina ez da ahaztu behar horiek joan da bueltakoak direla, eta eragin ekonomikoa helduko dela europarron bizimodura eta poltsikoetara.
“Putinek Europako eskuin muturra finantzatu du eta ezkerretik ez dugu inolako konplexurik eduki behar bere inbasioa salatzeko”.
Europako Batzordeak bakerako funtseko 450 milioi euro erabiliko ditu Ukrainara armak bidaltzeko. Zer deritzozu?
Nik uste dut ez dela erantzun egokia eta Sanchezek atzo ere iragarri zuen beste hainbat milioi bidaliko dituela armatan. Espainiak gainera arma ofentsiboak aipatu ditu, hitz hori azpimarratu da. Edozein kasutan, biak ez dira onargarriak. Nire ustez erabat uztargarria da Errusiaren erasoaren kontrako posizio irmoa edukitzea eta armak bidaltzearen aurka egotea. Errusiari bere armada ukrainar lurraldetik ateratzeko exijentzia sendoa planteatzea eta inbasioaren eta gerraren erantzukizuna dela esatea. Baina modu berean, esatea egoera hori ez dela konpontzen armak bidaliz eta NATO indartuz. Hori ez dela egokia. Momentu honetan behar duguna da elkarrizketa, nazioarteko zuzenbidearen aplikazio zorrotza, negoziazioa, diplomazia. Azken finean, armak bidaltzeak ez du deseskalatzeko balio. Eta NATO ez dago egina elkarrizketarako eta diplomaziarako. NATO gerrarako makinaria bat da. Eta zentzu horretan horrek ez du ezer onik ekartzen.
Europako Parlamentuan, okupazioaren aurka eta armak bidaltzearen alde bozkatu dute 637 parlamentarik, 13k kontra, eta 16 abstenitu egin dira. Zu abstenitu direnen artean zaude. Zergatik?Hori da horrelako okupazio batek, Putinek mugimenduak dakartzan ondorioak. Baita Ezkerraren taldearen baitan ere. Denetariko botoak egon dira, ezezkoak, baiezkoak eta abstentzioak. Abstentzioan kokatzea erabaki genuen pentsatzen genuelako derrigorrezkoa zela inbasioaren kontra oso nabarmen kokatzea, eta horrela bozkatu genuen inbasioaren kontra eta erretiratzearen alde. Baina gero erresoluzioa bere orokortasunean ez zen onargarria. Nik uste dut ezkerreko hainbat alderdik baloratu egin dutela ezin zutela xehetasunetan sartu, Ez zeukatela tarterik horretarako zegoen presio handiagatik eta beste batzuk bestelako baldintzak badituztelako, gobernu postuetan daudelako, adibidez. Mozioa mehatxu giroan aurkeztu zen. Baten batek oso deklarazio deigarriak egin zituen: zerrendatuko dugu momentu honetan nortzuk egon diren baiezkoan eta nortzuk ez. Europako diplomaziako buruak esan du hori.
Josep Borrellek.
Bai. Borrell jauna oso abila da mehatxuetarako, baina gero bekatuan dauka penitentzia. Borrell jaunak horrela hitz egiten du baduelako ardura existitzen ez dena. Europako Batasunak badauka kanpo ekintzarako arduradun bat, goi ordezkari bat ofizialki. Karguak horrela du izena. Baina Europar Batasunak ez du kanpo ekintzarako eskuduntzarik. Kanpo politikak estatuek egiten dituzte eta Borrell jauna mugatu egiten da horrelako adierazpen entzutetsuak egitera. Borrell jaunak, leku batera edo bestera joaten denean, ez dauka Europaren amankomuneko inolko posiziorik edo proposamenik eramateko, ez daukalako horretarako eskuduntzarik eta mugatu egiten da ba hitz handietara. Oso ondo. Baina Europak zer planteatzen du Europa bezala, ez estatuak bezala? Europak zer planteatzen du honi aurre egiteko? Estatu Batuen menpeko defentsa edo segurtasun eskema baten pean egotea? Horrekin ez gaude ados. Guk pentsatzen dugu Europak behar duela segurtasun eskema propio bat, baita agian defentsa eskema propio bat, baina horrek ez du zertan egon ikuspegi transatlantiko batean. Esan nahi dute NATOren irizpidepean, ez. Bestela momentu honetan onartuko genuke mundu mailan dagoen gerra antolamendu politiko honetan europarrok ez daukagula ezer egiterik eta dena berriro ere geldituko dela Estatu Batuek lideratuko luketen ordenu batean. Estatu batuarrak txinatarren kontra. Berriro ere gerra hotza. Eta hori ez da onargarria. Lehen esan dudan bezala, guztiz uztargarria da gerraren kontrako posizio irmoa edukitzea, erantzukizun osoa, %100, Errusiari egozteko eta eskatzeko, mesedez, erretiratu dadila lehenbailehen Ukrainatik; baina bestetik esatea armak bidaltzea eta NATO indartzea ez dela inondik ere erantzuna. Gogoratu nahi dut bide batez, 1986an, euskaldunok NATOren kontrako bozka eman genuela eta beraz hori oso presente eduki behar dugula.
“NATO ez dago egina elkarrizketarako eta diplomaziarako. NATO gerrarako makinaria bat da. Europak hitz eta defentsa propioak behar ditu”
Onarturiko erresoluzioa Europako Kontseiluari eta Europako Batzordeari eskatzen zaie lan egin dezaten Ukraina aitortua izan dadin Europako Batasuneko kide izateko hautagai moduan. Hori zer iruditu zitzaizun?
Guk ez genuen hori babestu eta ez Ukraina Europar Batasuneko parte izatearen kontra gaudelako, baizik eta broma txar bat iruditu zitzaigulako. Estatutuek oso garbi esaten dute estatu batek zer egin behar duen lehenengo hautagaia izateko eta gero azkenean Europar Batasuneko kide izateko. Eta horiek urteak irauten duten prozesuak dira. Europar Batasunean sartzea ez da kirol elkarte batean sartzea bezala: eskatu, kuota bat ordaindu eta hurrengo egunean kide izatea. Hau gauza desberdin bat da. Suposatzen da Europar Batasunaren baitan egoteko herrialde batek, estatu batek bete behar dituela irizpide ekonomiko, politiko eta sozial batzuk, besteak beste eskubideen aldetik. Hori oso inportantea da. Mundu guztiak badaki hori eta hain da horrela bozketaren ondoren Von der Leyen adierazpena ongi zegoela baina horiek izaten direla urteak eramaten dituzten prozesuak, eta tratatuek ez dutela uzten modurik bat-bateko kidetasun bat sinatzeko.
Beste kontu bat: Europako Parlamentuaren txosten batek dio harreman zuzena dagoela Putinen eta Europako eskuin muturreko alderdien artean. Putinen Errusia Batua alderdiak lankidetza hitzarmenak dauzkala Italiako Lega, Frantziako Front Nationalarekin, Austriako OFP rekin eta Espainiako Hazte Oir plataformarekin. Eta horrek baditu lotura zuzenak Vox alderdiarekin.
Putinek eskuin muturreko mugimenduak finantzatu ditu Europa osoan zehar azkeneko 20 urte hauetan. Eta finantzatuak izan diren alderdi askok parlamentuan Putinen aurkako adierazpenaren alde bozkatu dute. Izugarrizko ariketa zinikoa da. Putin beti ari da aztertzen mundu mailako botere banaketa horretan bere lehiakide hurbilena den Europar Batasunari nola egin diezaiokeen kalte. Nola desestabilizatu dezakeen. Horrelako diru funtsak erabili dira eskuin muturreko mugimenduak finantzatzeko. Euskal Herrian, eta agian baita Espainian ere, batzuek uste dute Putin eskola zaharreko komunista bat dela edo horrelako zerbait. Politikaren alde aurrerakoiekin lerratuta dagoena eta hori errealitatetik oso urrun dago, Ez dauka zerikusirik. Putin lider autoritario bat da, eskuin muturraren planteamendu ideologikoekin gertutasun handia daukana eta hori oso presente eduki behar dugu. Esan nahi dut ezkerreko mugimenduok ezin dugula inongo konplexurik eduki Errusiak zer egin duen baloratzerakoan eta bere ekintzen ondorioak gaitzesterakoan. Errusian bertan, Putinek komunistak kolpatzeko miloi bat modu asmatu ditu. Eta beste hainbat giza kolektibo ere gogor jo ditu: genero eskubideak edo askatasun sexuala aldarrikatzen dutenak, adibidez. Hori ez da ezkerreko portaera bat, baizik eta portaera autoritario bat.
“RT eta Sputnik bezalako hedabideak zentsuratzea onartezina da, eta herritarroi kalte egiten digu, alde bakarreko informazioa jasoko baitugu”
Europako Batzordeak Russia Today eta Sputnik hedabideak zentsuratu ditu.
Guk horren kontra bozkatu genuen. Honen atzean ez dago baleko justifikaziorik. Prentsa askatasuna babestu behar den eskubide bat da, eta zentzu horretan ez da onargarria europar instituzioetatik horrelako debeku bat ateratzea. Nik esango nuke honek ez diola hainbeste kalterik egiten Errusiari edo Putini, baizik eta gu guztioi egiten digula, hemendik aurrera gerrari buruz jasoko ditugu informazio guztiak alde bakarrekoak izanen direlako. Ez dugu ezagutuko beste aldeak zergatik egin duen egin duena, zer pentsatzen duen, zer proposatzen duen. Informatzeko askatasuna bermatu behar da eta herritarrok aski inteligenteak gara jakiteko nork zer esaten digun. Filtro berberak erabiltzen ditugu The Washington Post edo El Pais irakurtzen ditugunean.