"Lan merkatuan emakumearen egoerari buruzko analisi grafikoa" aurkeztu du Nafarroako Comisiones Obreras sindikatuak. Heldu den asteartean, martxoaren 8an, izango den Emakumearen egunaren karietara aurkeztu dute txostena eta bertan bost genero arrakala mota atzeman dituztela jaso dute.
Soldata arrakala lan banaketaren desorekan eta ogibideen osaeran oinarritzen dela azpimarratu du CCOOk. Sindikatuaren hitzetan "emakumeen lan murgiltzea baldintza okerragoetan jazotzen da, eta horrek bataz besteko soldata murritzagoa ekartzen du". Emakumeen lan eta gizarte egoera "nabarmenki prekarioa" dela azpimarratu dute besteak beste okupazioaren banaketarengatik, behin-behinekotasunarengatik, kristalezko sabaiarengatik eta bizikidetza eta ardura defizitengatik.
Datuei helduta emakumeen okupazioa gizonena baino 8 puntu baxuagoa da eta behin-behinekotasunari dagokionez, 9 puntuko aldea da, emakumeen tasa %28koa izanik. Jardunaldi partzialak gainera emakumeek sinatutako 10 kontratutatik 8ri eragiten die. Balio absolutuetan jardunaldi partziala duten 46.600 beharginetatik, 37.300 emakumeak dira.
Soldata arrakalari dagokionez Nafarroak gizon eta emakumeen artean desoreka handiena duen bigarren erkidegoa da, %28ko aldearekin. Izan ere emakumeek 6.836 euro gutxiago kobratzen baitituzte bataz beste. Horrengan eragin handiena dute soldata gehigarriek. Bi soldata-osagarri mota desberdindu ditu CCOOk bere txostenean. Batetik zuzendaritza karguei dagozkienak ala irizpide diskrekzionaletan oinarritzen direnak, eta kristalezko sabaia dela eta emakumeek gutxiagotan jasotzen dituztenak; eta bestetik genero estereotipoak oinarri dituztenak eta normalean gizonezkoei mesede egiten dizkietenak: esfortzu fisikoa, gaueko gehigarriak, ordutegi-erabilgarritasuna... Horietako batzuk gainera etxeko lanen kontziliazioan gainkarga hartzen duten emakumeen egoerarekin bateraezinak dira.
Lan-sektoreak ere eragin zuzena du soldata arrakalan, izan ere emakumeen %15ak lan egiten baitu industria arloan non baldintzak eta soldatak zerbitzuetan baino hobeak izan ohi diren. Azkenik pentsioen banaketan ere arrakala nabaria da, %37,1 gehiago jasotzen baitute bataz beste gizonezko pentsiodunek emakumeek baino. Pentsioa jasotzen duen gizon batek bataz beste 1.530,23 euro kobratzen ditu hilean tea emakume batek 963,06 euro.
Egoeraren aurrean, emakumeen egoera hobetuko duten hiru tresna azpimarratu dituzte: 2023. urtea baino lehen enpresek ezarri beharko dituzten Berdintasun Planak, Lan Erreformaren aldaketa eta Soldata Minimoaren igoera.
Azkenik Berdintasun Planak betetzen direla bermatzeko lan-ikuskaritzari eskatu diote horiek kontrolatzeko, eta enpresariei horiek martxan jar ditzaten. Honekin batera araudi berriak eskatu ditu CCOOk "tratu berdintasuna eta enplegua lortzeko aukera berdintasuna" bermatuko dutenak; eta azkenik lanik ez duten emakumeentzako lan-politika aktiboak eskatu dituzte.