Eduardo Santos: “Mila errefuxiatu hartzeko prestatzen ari gara”

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mar. 4a, 09:41

Ukrainatik ihes egin duten herritarrak hartzeko prestatzen ari da Nafarroako Gobernua. Departamentuen arteko talde bat eratu dute eta eragileekin elkarlanean ari dira, baliabideak eta protokoloak zehazteko. Eduardo Santos Migrazio Politiken kontseilariarekin mintzatu gara.

NBE Nazio Batuen erakundeak zabaldutako informazioaren arabera, ihesean beste herrialde batzuetara joan behar izan dute pertsona kopurua abiada bizian ari da handitzen. Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatarien azken zenbaketek diote milioi bat errefuxiatu direla dagoeneko. Hasiera hasieratik azaldu du Nafarroak behar duena hartzeko borondatea, baina Eduardo Santos Migrazio Politiken kontseilariak aitortu du zenbakiak egitea ez da erraza egoera honetan.

Hasiera-hasieratik azaldu du Nafarroak errefuxiatuak hartzeko borondatea. Zenbakiak egitea ez da erraza egoera honetan.

Kontutan hartuta 1.200 ukraniar ditugula Nafarroan, pentsatzekoa da haiek ere hartuko dituztela, familia eta lagunak dituzten tokietara etortzen ari dira-eta. Gu harremanetan gaude haiekin eta hori ikusten ari gara. Bestalde, Estatuarekin harremanetan gaude eta bide horretatik ere etorriko zaizkigu errefuxiatuak. Orduan, zain gaude. Tantaka heltzen ari dira. Poloniako eta Alemaniako mugetan daudenak ez dira mugitzen ari. Gerrarekin zer gertatzen den itxoiten ari dira. Egoera militarraren egoeraren arabera hasiko dira mugitzen, eta segur aski etorriko dira.

"Tantaka heltzen ari direnei lehenengo arreta ematen diegu; baina, badaezpada, mila pertsona hartzeko prestatzen ari gara"

Egoitza baimena, lan baimena eta hezkuntzarako sarbidea emango zaie. Europako Batzordeak gidalerro batzuk argitaratu ditu. Nola ari zarete horiek Nafarroara egokitzen?

Antolatzen ari gara. Presidenteak astelehenerako deitu gaitu, departamentuen arteko bilera batera dena martxan jartzeko. Baina gure departamentutik neurri zenbait jarri ditugu dagoeneko martxan, hori koordinatzeko. Tantaka heltzen ari direnei lehenengo arreta ematen diegu, baina ikusi behar dugu zertan geratzen den afera. Badaezpada, mila pertsona hartzeko prestatzen ari gara.

Baimen hauek urtebeterako dira. Hortik harago, inork geratu nahiko balu hori egonkortzeko neurriak jarriko dituzue?

Etortzen baldin badira, eskolan sartzen baldin badira, lan baimena ematen diogu, aurreikusi daiteke batzuk geratu nahiko dutela. Baina oso goiz da dena hori jakiteko. Baina testuinguru horrekin lan egin behar dugu. 

"Oso inportantea da Nafarroako Gobernua eta errefuxiatuen arretan eskarmentua duten erakundeak elkarrekin lan egitea"

Atzo CEAR eta Gurutze Gorria elkarteekin bildu zineten.

Oso inportantea da Nafarroako Gobernua eta errefuxiatuen arretan eskarmentua duten erakundeak elkarrekin lan egitea, jakiteko bakoitzak zer jar dezakeen mahai gainean eta nola antolatu gaitezkeen zehazteko. Interesgarria izan zen, eta lehenengo pausoak emanda daude haiekin kolaboratzeko eta baliabideak jartzeko.

Elkartasuna gailentzen da halakoetan. Lagundu nahi dutela esanez hurbildu al zaizkizue herritarrak?

Bai, noski. Baliabideak jartzen ari gara baita ere elkartasun guzti hori bideratzeko. Baina pazientzia pixka bat izan behar da. Elkartasuna ez da egun bateko gauza bat eta gauza guztiak ez dira egokienak laguntzeko. Eskertzen ditugu asko herritarrek sortzen dituzten baliabideak eta borondateak. Pixkanaka-pixkanaka klasifikatu ete sailkatuko ditugu.

Nafar errusiarrak estigmatizatzeko arriskua ere badakar egoera honek?

Komunikabide guztiek, iritzi publikoak, Errusia jarri dute istorio honen gaiztoa bezala. Baina Putin da, diktadore bat, honen erantzulea. Errusiako herriak ez du inolako errurik. Elkarbizitza zaindu behar dugu, eta ulertu behar dugu gure artean bizi direnak gureak ere direla. Gehienak ez daude gerra baten alde, ezta gutxiago ere. Hori argi eta garbi eta ozen esan behar da. Desberdindu behar ditugu gauzak. Alde batetik, Putin eta bere gerra; eta bestetik, herria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!