Remirezen arabera, "merezimenduen dekretuak gizarte kohesioa, berdintasuna eta bizikidetza bultzatzen ditu”

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 16a, 07:42

Txibite lehendakaria, Remirez lehendakariordea eta PSNko parlamentariak, aurrekontuak onartu zituztelarik (Argazkia. Nafarroako Parlamentua)

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak astearte honetan adierazi duenez, Foru Administrazioan sartzeko merezimenduen dekretuaren zirriborroak "gizarte-kohesioa, berdintasuna eta bizikidetza bultzatzen ditu", eta "indarrean dagoen araudia eta ebazpen judizialak betetzen ditu, errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta".

Remirezek paralmentuko batzordean EH Bilduk zirriborroari buruz egindako galderari erantzun dio. Adierazi duenez, "dekretu berriak errealitate soziolinguistikoa, aukera-berdintasuna, borondatea eta inposaketarik eza bezalako printzipioei erantzuten die”, eta hori “euskarari egin diezaiokegun mesederik handiena da".

Remirezek azaldu duenez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaien ondoren, gobernuak testu berri bat egin du "ziurtasun eta segurtasun juridiko handiagoa eskaintzeko, euskara Administrazioko lanpostuak lortzeko merezimendu gisa baloratzean". Esan duenez, "Irtenbide oso egokia da".

Kontseilariak adierazi duenez, "euskarari prestigioa eman nahi zaio inposiziorik gabe, adimen emozionalarekin eta Nafarroako herritarren aniztasunarekin bat etorriz". Eta zehaztu duenez, "gobernuak akordio programatikoaren arabera eta legezko maniobrak alde batera utzita eratzen du bere irizpidea". Gaineratu duenez, "epaiek argi eta garbi markatzen zuten gobernuak zuen maniobra-marjina" eta "ezin zen lanpostuen balorazio orokorra egin", zehaztu du.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, dekretu horrek "badirudi euskal hiztunok bigarren mailako herritarrak garela eta gogaikarriak garela; gehiago jakiteari prestigioa eman beharrean hobe da gutxiago jakitea".

Ruizek adierazi duenez, "Bi urte baino gehiago igaro dira Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak epaia eman zuenetik", eta denbora horretan, "Anomalia nabarmena gertatu da, eremu mistoko lanpostu bakar batean ere ezin izan baita euskara merezimendu gisa baloratu bi urte hauetan".

Bere ustez, araudi horrekin "atzerapauso bat eman da, eta horrek ez dio mesederik egiten ez gizarte-kohesioari, ez bizikidetzari, ez aukera-berdintasunari". "Dekretuaren zirriborro hau Administrazioko lanpostuak betetzean euskara baloratzeari buruzkoa da soilik, baina 2017ko dekretua zabalagoa zen, euskararen erabilera arautzen zuen", adierazi du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!