Nafarroan torturak izan duen eragina agerian utzi nahi du Nafarroako Torturatuen sareak. Errealitate ezkutua da, eta argira ateratzeko lanean hasi dira dagoeneko. Hori izan da elkartearen lehenengo egitekoa: torturatuak izan direnen errolda bat osatzea. Ikerketa "ofiziala, zientifikoa eta independentea" behar du gaiak, hala ere, kideen ustez. Hori dela eta, 1960tik 1978ra arteko tortura kasuak ikertu dituen moduan, 2014ra arte izandakoak ikertzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari.
Larunbatean egin zioten eskaera, elkartearen aurkezpen ekitaldean, Berriozarren. Nafarroako Gobernuko ordezkariak eta eragile politikoak izan ziren ekitaldian.
Gobernutik Ana Ollo Herritarrekiko gobernuko Harremanetarako kontseilaria, Martin Zabalza Bake eta Bizikidetza zuzendaria eta Blanca Burusko biktimen bulegoko ordezkaria izan ziren. Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrako ordezkariak ere azaldu ziren. Sindikatuen artean, ELA, LAB, CCOO, UGT, Steilas, ESK eta CGT. Baita Foro Soziala, Salhaketa, 78ko Sanferminak Gogoan, Etxerat eta Egiari Zor eragileak ere.
Torturaren errealitatea ezagutarazteko, gizartearen babesa eskatu du elkarteak. Ekainaren 25ean, torturaren biktimen babeserako nazioarteko egunaren bezperan, mobilizazioa egingo dute, Iruñean.
Tortura, Nafarroan
Nafarroako Torturatuen sareak emandako datuen arabera, mila lagun inguru torturatu dituzte Nafarroan, azken 60 urteetan. Torturaren ondorioz, bi lagun hil dira: Mikel Zabalza eta Antonio Goñi Igoa. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu du Mattin Sarasola eta Igor Portu torturatzeagatik eta Oihan Ataun, Jon Patxi Arratibel, Xabier Beortegi eta Iñigo Gonzalez nafarren salaketak ez ikertzeagatik.