Ana Ollo: "Dekretua ez da atzerapausoa egungo egoerarekiko"

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 11a, 10:30

Administrazioan merituak baloratzeko araudi berriari buruz EH Bilduk egindako galderari erantzun dio Ana Ollo kontseilariak parlamentuko osoko bilkuran. Alderaketa egungo egoerara mugatzea “tranpatia” dela uste du EH Bilduk.

Egun bizi den “anomaliari” aurre egiteko, beharrezko dekretua dela babestu du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Harremanetarako kontseilariak, parlamentuan. Aurkeztu duten zirriborroak “konponbide partziala” dakar Olloren iritziz. Eta aitortu du horregatik "sentsazio gazi-gozoa" eragiten diela.

Administrazioko merezimenduen balorazioa "behin betiko konpontzeko", Euskararen Legea aldatu behar dela adierazi du, baina horretarako gehiengorik ez dagoela ekarri du gogora.

EH Bilduren galderei erantzunez mintzatu da kontseilaria foru ganberan. Zirriborroaz irakurketa ezberdina egin dute. Ollorentzat “ez da atzerapausoa, egun dagoen egoera kontuan izanda”. Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramailearentzat, aldiz, atzerapauso argia da, eta oso kritiko azaldu da Geroa Baiko politikari eta kontseilari Olloren adierazpenekin. Zirriborroa babesteko aldaketak egungo egoerarekin soilik alderatzea zilegi ez dela uste du Bakartxo Ruizek.

Nafarroako Administrazio Publikoetan merituak baloratzeko araudi berriaren arabera, euskara ez da merezimendu gisa hartuko eremu ez-euskaldunean, eta eremu mistoan lanpostu jakin batzuetan besterik ez. 2017ko eta 2009ko dekretuen aldean, eremu mistoan eta euskaldunean ere atzerapausoak ekarriko dituela azaldu du Ruizek.

Funtzio Publikoaren mahaian dago zirriborroa une honetan. Sindikatuek alegazioak aurkeztu ondoren, Nafarroako Kontseilura bideratuko dute eta gobernuak berretsi beharko du ondoren, indarrean sartu dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!