Lan erreforma aurrera ateratzeko Espainiako Kongresuan PSNk eta UPNk akordioa egin izanak, egonkortasun politikoa kolokan jarri du Nafarroako Gobernuaren barruan. Sozialisten gobernu kide nagusia den Geroa Bai oso kritiko azaldu da, eta horrela ziurtatu du. “Koherentzia politikorik gabeko akordio politikoak egiten direnean egonkortasun politikoa aldatzen da”, ziurtatu du Uxue Barkosek.
Akordioa “koherentzia politikorik gabekoa” dela iritzi dio, eta alderdi sozialistaren esku utzi du etorkizuna: “Betetik, argi utzi behar dute zer nolako akordioa sinatu duen UPNrekin. Eta, bigarrenik, egonkortasuna sendotzeko, Hitzarmen Ekonomikoa gobernukideekin onartu behar dute”.
Itunaren edukia osoki ezagutu nahi du, halaber, EH Bilduk. Ostegunean Espainiako Kongresuan eta Iruñeko Udalean gertatutakoa “negargarria” izan dela esan du Adolfo Araizek, eta Nafarroan hartu beharko liratekeen erabakiak Madrilen hartzen direla agerian geratu dela uste du: “PSNk Nafarroa salgai jarri du”. UPNren eta PSNren arteko akordioak EH Bildu jokoz kanpo uzteko helburua zuela uste du alderdi independentistak. Araizek gaineratu du, baina, gertatutakoak ez duela sozialistekin duten harremanean aldaketarik eraginen: “Orain arteko toki horretatik politikak egiteko lanean jarraituko dugu”.
Ahal Duguk eta Ezkerrak ere kritikatu dute akordioa. "Iruñeko alkatearen ipurdia salbatzen saiatu dira. Esan izan baligute, ez genukeen bat eginen", argitu du alderdi moreko Mikel Builek. UPNk bizi duen gaixotasunaren sintoma da gertatzen ari dena haren ustez: "UPNk ultra guztiak haien siglen artean gehitu nahi dituen erabaki behar du". Ezkerrako Marisa De Simonek, berriz, iritzi dio lan erreforma ezin dela trukerako afera izan.
Kritikak usatu nahian azaldu da kazetarien aitzinera PSNko Ramon Alzorriz, berriz: “Ez dakigu zertara datorren iskanbila”. Sozialistak argitu nahi izan du PSNk ez duela legegintzaldi hasierako gehiengo politikoa alboratu, baizik eta erakutsi duela guztiekin hitz egiteko gai den alderdia dela. UPNrekin egin duten akordioaz galdetuta, alderdiko antolakuntzako idazkaria den arren, Alzorrizek dio ez dagokiola berari horren inguruko azalpenak ematea. Edonola ere, datu batzuk eman ditu: Sergio Sayasen eta Carlos Garcia Adaneroren ezezkoak baliorik gabe utzi dute akordioa eta Hitzarmen Ekonomikoa ez zegoen itundutakoen artean.
Navarra Sumaren izenean, Ciudadanoseko Carlos Perez Nievas agertu da kazetarien aurrean. "Erregeen zain zeundeten, eta pajea atera da. Baina ulertuko duzuenez, Esparzak egitekoak zituen", argitu die kazetariei. Koalizioaren izenean mintzatu da: "Koalizioak sendotasunari eusten dio, ez dago zalantzan". Nahiz eta, aitortu duen datorren legegintzaldian formulari eutsiko dioten edo ez aztertzen ari direla. Sayas eta Adanero diputatuen jarreraz galdetuta, UPNk hartutako erabakia babestu du: “Denoi esan digute gezurra. Alderdiak egin duena egin behar zuena da”.