The Big Bang Theory telesaileko 6. denboraldiko 9. atalean, Raj-ek lagunei galdetu die zer gertatuko litzatekeen baldin eta banpiro batek zonbi bati hozka eginen balio. Sheldonek erantzun dio zonpiroak sortuko liratekeela. Ez dago argi nahita ala nahi gabe, baina PPko buru Pablo Casadok zonpiro deitu ditu Sergio Sayas, Carlos Garcia Adanero diputatu erregionalista matxinatuak eta UPNko kideak oro har: “Sanchezen Gobernua Drakula koalizioa da. Edonor hurbiltzen zaionean hozka egiten dio eta zonbi bihurtzen du, (…) alderdi nafar bati horixe gertatu zaio”. Hori da hori anabasa banpiroen eta zonbien artean.
UPNren izenarekin ere, nahasmendua. “Un partido navarro” esan du PPko buruak, gaztelania batuan. Ez dago argi siglen esanahia hori dela uste duen ala Rajoyren estiloko perifrasi bat den: ese partido del que usted me habla, zuk aipatzen didazun alderdi hori. Perifrasiak erabiltzen hasita, “gure koaliziokidea” ere esan zezakeen, eta ez du egin. Aski adierazgarria, Navarra Suma koalizioaren etorkizunera begira.
Koalizio eskuindarrari datorkionari so argigarri suerta daitezke, halaber, aurrekariak: 2008an, Miguel Sanzek Zapateroren aurrekontuen alde bozkatzea agindu zien UPNko diputatuei. Santiago Cerverak ez zuen agindua bete, alderditik egotzi zuten, Nafarroako PP birfundatzen lagundu zuen eta UPNk eta PPk urteak eta urteak behar izan zituzten berriz hauteskunde batzuetara elkarrekin aurkezteko.
Itxura guztien arabera, Navarra Sumarenak egin du, eta hartara Voxek askoz errazago izanen du muturra Nafarroan sartzea, horrek erregionalistentzat ekar dezakeen boto galerarekin. Lan Erreformari baiezkoa ematea erabaki zuelarik, Esparzak bazekien hori gerta zitekeela, baina horren ordainean bakardade politikotik ateratzea espero zuen. Erran nahi baita Sanchezen gobernuari sostengua ematearen truke PSOEk PSNri erregionalistengana hurbiltzeko aginduko ziola uste zuela. Osteguneko ikuskizun tamalgarriaren ondotik, bide hori guztiz itxi da bolada baterako, besteak beste UPN, 1979tik lehendabizikoz, diputaturik gabe geratuko delako. Sayasek eta Adanerok diputatu aktari eusten badiote, bistan da ez dutela Sanchezen alde bozkatuko deusetan. Eta dimisioa ematen badute, zerrendan hurrengoak Ciudadanoseko eta PPko kideak dira.
Cerveraren aurrekaria
Egoera latza UPNrentzat, 2023ko foru hauteskundeetara begira. Egoera latza, lidergo ahul batekin, gainera. Cerverak dixit. Diario de Noticias egunkarian argitaraturiko artikulu mamitsu batean, orduan Sanzek erakutsi zuen lidergoa eta egun Esparzak darabilena alderatu ditu Cerverak. Spoiler: Esparza galtzaile ateratzen da, nabarmen. Orduko hartan, Corellakoak diputatuei agindua eman aurretik erabakia Exekutibatik eta Kontseilu Politikotik pasarazi zuen, eta gero behin eta berriz deitu zien diputatuei agindua bete zezaten. Honako honetan, Agoizkoak erabakia bere kaxa hartu du eta eskarmentu politiko urriko idazkari nagusiaren, Yolanda Ibañezen bitartez helarazi die agindua diputatuei.
Martxelo Diazek Garan ederki kontatu bezala, UPNko Berme Batzordea gaur elkartuko da Sayasen eta Adaneroren auzia aztertzeko. Sugetzarraren beste atal bat izanen da, baina ez azkena. Telesailak askoz atal gehiago izanen ditu. Borgen, House of Cards zein Baron Noir telesailekin alderagarria dela esan dute askok. Berria egunkariko lankide Joxerra Senarrek esan bezala, ez ote duen antz handiagoa Vota Juan telesailarekin. Besteak beste, transfugen interesei dagokienez. Alderdian bazterturik, eta Ibai Fernandezek aipatzen duen “Madrilen sindromeak jota”, interes politikoak pertsonalekin ez ote diren uztartu, Madrilen bidea egiteko interes pertsonalok ez ote diren gailendu. Are gehiago, ez ote ditugun Sayas edo Adanero harresietan kartazal bat jasotzen ikusiko.
Estatu aferatik truke txanponera
Ama: “Altxa zaitez, seme, eskolara joan behar duzu eta!”. Semea: “Ez dut nahi!”. Ama: “Altxa, seme, 45 urte dituzu eta eskolako zuzendaria zara eta”. Maria Txibitek ostiraleko adierazpenak entzunda, txiste klasiko hori etorri zitzaidan gogora. Sayasek eta Adanerok UPNk alderdi sozialistarekin loturiko akordioa urratu izanaz galdetu zioten. Eta erantzun zuen bera Nafarroako Gobernuko lehendakari bezala mintzo zela, eta bere exekutiboak parlamentuko talde guztiekin negoziatzen segituko duela. Txibite gobernuko lehendakaria da, doike, baina baita PSNko idazkari nagusia ere. Nagia eragin diezaioke, baina alderdi sozialistak UPNrekin loturiko akordioei buruzko azalpenak eman behar ditu, bai ala bai.
Izan ere, akordiook ahantzirik zirudikeen mamua berpiztu dute: Abuztukada. Iruñeko Udaleko PSNren eledunak otsailakada krudelki pairatu du. Orain arte alderdiak hortxe utzi du, pagaburu moduan. Baina hiruko erregela dabil bueltaka eta jiraka nafar askoren buruan: lan erreformaren truke Iruñeko Udaleko egonkortasuna oparitzeko prest bazeuden, zer emanen zuten aurrekontuen edo inbestidura baten truke? PSNren interesak PSOErenen menpe. Nafarroa Ferrazek nahi duena izanen da. Gaur bertan, Geroa Baiko Uxue Barkosek egonkortasun politikoa kolokan dela esan du. Adolfo Araizek, Nafarroa salgai jarri dutela.
Nafar askoren autoestimua zauritu dezakeen paradigma aldaketa suma daiteke honen guztiaren gibelean: PSOErentzat Nafarroa jada ez da Estatu afera. PSOErentzat Nafarroa egun trukerako txanpon da soilik. Erran nahi baita PSOEk jada ez dituela sistematikoki oztopatzen gobernu aurrerakoiak Nafarroan abertzaleak boteretik at mantentzearren. Orain bakarrik eginen du baldin eta Espainiako Diputatuen Kongresuko aritmetikaren apetek horretarako bidea ematen badiote, biztanle (eta hartara boto-emaile eta diputatu) urriko erkidegoa izanda, PSOEri merke ateratzen baitzaio PSNren boto-emaileei bizkarra ematea.
Hau da, krisiak erreginalistak oso egoera ahulean utzi dituzte eta hau guztia PSNri ere garesti atera dakioke, baina oso litekeena da 2023ko hauteskundeen ondotik -one moretime- Espainiako Diputatuen Kongresuaren aritmetikaren apetek erabakigarriki baldintzatzea Nafarroako erakundeetan gertatzen dena.