Pedro Sanchezen gobernuak atzora arte ziurtaturik zituen 170 botoak ez ziren aski lan erreforma aurrera ateratzeko. Atzo PDeCATek eta UPNk haiekin bat egin zuten, eta hala 176ra, gehiengo osora iritsiko dira.
Alderdi erregionalistak atzo arratsaldeko zazpietan urgentziazko prentsaurrekoa egin zuen. Hartan erreformaren alde bozkatuko dutela jakinarazi zuen alderdiko buru Javier Esparzak, alderdiaren sustengua argi uzteko alboan Yolanda Bañez idazkari nagusia eta Enrique Maya Iruñeko alkatea zituela. “Arduragatik eta Estatuarekiko konpromisoagatik eginen dugu”, azaldu zuen.
Esparzaren arabera, erreformaren alde bozkatzearen arrazoi nagusia da “sindikatuek eta patronalak adosturiko erreforma” da. Haren arabera, Sanchezekin negoziatu duten bakarra da “patronalarekin adosturiko akordioa ez dela aldatuko ez orain eta ez gero”. Alta, Esparzak Sanchezen gobernuarekin “dialogo aro bat” zabaldu nahi du. Oraingoan ez ei du Nafarroarentzat deus eskatu, baina uste du “etorkizunean bi aldeak gauza izanen direla akordio garrantzitsuak lotzeko”.
Tentsioa Navarra Sumaren zein UPNren barruan
UPN koalizioan aurkeztu zen Espainiako Diputatuen Kongresurako hauteskundeetara, Navarra Suma barruan, PP eta CIudadanosekin batera. PPk lan erreformaren kontra bozkatuko du. Ciudadanos alde. Koalizioaren etorkizuna kolokan egon daiteke.
UPN barruan ere tira-birak bistakoak dira. Atzora arte, UPNren bi diputatuak, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas, lan erreformaren aurka mintzatu izan dira. Atzo bertan, Adanerok esan zuen ez datorrela bat Esparzaren erabakiarekin.
UPNren eta PSNren arteko hurbilketa
Edonola ere, lan erreformaren aldeko botoak UPN birkokatu egiten du 2023 foru hauteskundeetara begira, eta azken urteotako bakardade politikotik atera lezake. Erran nahi baita hurbilketa bistako bat eragiten duela erregionalisten eta PSNren artean. Eta horrek ondorioak ekar ditzakeela foru erakundeetara. Gaur arratsaldean bertan suma liteke aldaketa. Iruñeko Udalean, Enrique Maia alkatearen aurkako bi gaitezpen mozio bozkatuko dituzte, bakarrik dauden migratzaile adingabeen aurkako adierazpen xenofoboak direla kausa. Horietako bat PSNk aurkeztua da. Esan gabe doa gaitzespenok aurrera egin dezaten alderdi sozialistaren aldeko botoa ezinbestekoa dela.