Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak ez du nahikotzat administraziorako sarbiderako merezimenduak arautzen dituen foru dekretuaren zirriborroa. Hala ere, eremu mistoan euskara ere aintzat har dadin, aurrera urratsa ematea egokitzen zitzaiela argudiatu du. Nafarroako Gobernuko kideen arteko desadostasunek “blokeo egoerara” eraman zuten eztabaida, eta “korapiloa askatzeko” testuaren alde egitea erabaki zuten.
Mikel Arregiren iritziz, hein handi batean hobetzen du egun dagoen egoera dekretuaren proposamenak. Administrazioan sartzeko lehiaketetako merezimenduak arautuko ditu, eta Euskarabideako zuzendari kudeatzaileak zehaztu duenez, Osasun profesionalen kasuan izanen du eragina, “horietan hartzen baitira kontuan merituak”. Egun eremu euskaldunean baino ez direnez kontuan hartzen, plazen %2,5etan saritzen da euskara. Onarpenarekin, aldiz, zehaztu du %85 izanen direla, plaza gehienak eremu mistoan eskaintzen direlako.
Dekretuarekin kontent egon ez arren, onartzea ikusten du irtenbiderik onena une honetan. Hala ere, euskararen aurkako jarreren errotzea zergatik gertatzen ari den aztertuko dutela azaldu du.
Hizkuntza planak, martxorako
Bitartean, Nafarroako Gobernuko departamentuek hizkuntza planak onartu dituzte. 2023ra arteko lehentasunezko unitateak identifikatu dituzte, herritarrak nagusiki artatzen dituzten unitateak. Horrekin batera, euskara eskakizuna beharko luketen lanpostuen zerrenda zehaztu dute. Datu zehatzak ez ditu Arregik, baina aurreikusi duenez, martxoan aurkeztuko die proposamena Funtzio Publikoko departamentuak sindikatuei. Zehaztu duenez, eremu euskalduneko zerbitzu publikoen azterketan eta herritarrekiko informazioa garatzen duten unitateetan jarri dute fokua.