Gobernu kideen arteko “desadostasun garbia” da merezimenduen dekretua Geroa Bairentzat

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urt. 31a, 11:32

Geroa Baiko Uxue Barkos eta PSNko Ramon Alzorriz, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: Nafarroako Parlamentua.

Araudiaren zirriborroa gobernu kideen arteko akordioa dela esan du Ahal Duguk. Administraziorako sarbidean euskara merezimendu gisa aintzat hartzeko araudia jasotzen duen dekretua krikatu dute, oro har, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak. 

Gobernua sustengatzen duten taldeak banandu ditu merezimenduen dekretuak. Kideen arteko “desadostasun garbi bat” dela argitu du Geroa Baiko Uxue Barkosek, alderdi moreak gobernukideen arteko akordioa dela esan ostean. Dekretuan jasotzen dena landu zutenean, eremu ez-euskaldunean euskara aintzat hartzeko aukeraren alde egin zezaketela gogorarazi die. “Merituetan zonifikazioa ezabatzeko gure jarreraren alde egin zezketen, eta ez zuten egin”, zehaztu du Bakosek. Administraziorako sarbidean hizkuntz guztiak aintzat har daitezen, Euskararen Legea aldatu behar dela uste du Geroa Baik, horrek ezartzen duelako oinarria. “Ez dugu ulertzen zergatik Nafarroako eremu batean Europako hizkuntzak meritu diren eta euskara ez”, kritikatu du Barkosek. Egoera zuzentzeko gobernutik lanean jarraituko dutela ziurtatu du.

Dekretuak zuzentzen duen egoeran jarri du fokua Ahal Duguk. “Gobernukideen arteko akordioa ez dugu oztopatuko, eremu mistoan euskara baloratzeko aukera ematen duelako. Baina ez gaude ados, aurrerapausoren bat ematen da, baina ez da nahikoa”, adierazi du Mikel Buil eledunak. Euskararen Legearen zonifikazioa da arazo nagusia alderdi morearentza ere: “Ez gaude euskararen zonifikazioarekin ados. Ezagutza guztiak izan behar dira merezimendu eta puntuagarri izan”.

Administrazioan sartzeko aukera berdintasuna eta egoera soziolinguistikoa defendatu ditu PSNk. “Gu ez gara gatazka sortzen dutenak, gu sustatzaileak gara. Gurekin aurrera egiten ari gara hizkuntz politikan”, adierazi du Ramon Alozorrizek. Horren aurka egiten duena gatazka politikoa hauspotzen ari dela iritzi dio eledunak, eta iradoki du EH Bildu interes alderdikoiekin erabiltzen ari dela euskara.

EH Bilduren iritziz, aldiz, sozialistak ari dira alderdikeriaz jokatzen euskararen gaiarekin. Navarra Sumak “motzean lotu” dituela adierazi du Bakartxo Ruiz eledunak: “Alderdi sozialistak badaki aurrera egiteko politikak garatzeko gehiengoak dituela, atzera egin nahi badu badaki noren alde egin”. Araudia atzerapauso argia da alderdi independentistarentzat. Oso larritzat jo du Ruizek herritarrei araudiak bidaltzen dien mezua: “Euskarak diskriminatu egiten du, baina Europako gainerako hizkuntzek ez dute inor diskriminatzen”. Nafar euskaldunentzako testu mingarria dela gaineratu du, “euskarafobia hauspotzen” duelako. Errealitate soziolinguistikoari lotzen ez zaion erabakia dela uste du alderdiak.

Euskararen II. Plan Estrategikoa onartzear dela eta departamentuak plan linguistikoak egiten ari direla, abiapuntu arriskutsua dela ohartarazi du: “Ikusiko dugu zenbat plazetan eskatzen duten euskara”. EH Bildu prest azaldu da sinergiak biltzeko sindikatuekin eta euskalgintzarekin testuan eragiteko.

Dekretuaren zirriborroa sakonki aztertu nahi du Ezkerrak iritzia emateko. Edonola ere, “orain arteko jarrera” duela azaldu du Marisa de Simon eledunak. “Administraziorako sarbidea meritu eta gaitasunen berdintasun printzipioaren araberakoa izan behar da. Euskara ezin da ezinbesteko baldintza izan, baina meritu izan behar da ezein lehiaketetan”.

Navarra Sumak kezka agertu du dekretuarekin, administrazioaren sarbidean eskubide urraketa ezartzen duelakoan. Sozialistek EH Bilduren eta Geroa Bairen eskakizunen aurrean men egin duela salatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!