Joseba Pagola (LAB): "Gehiengo sindikalari bizkarra emanez akordioa sinatu dute UGTk eta CCOOk, Tasubinsako langileen kalterako"

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urt. 27a, 09:49

Tasubinsako, Nafarroako enplegu zentro berezi handieneko, langileek greba-eguna dute gaur, ELA eta LAB sindikatuek deituta. Sindikatuek salatu dute langileei erosmen ahalmena bermatzea eskatzeko greba modu aktiboan saboteatu dutela UGTk eta CCOOk. Ordezkaritzan gehiengoa duen LAB sindikatuko aholkulari Joseba Pagolarekin mintzatu gara.

Tasubinsako langileek greba-eguna dute gaur.  Historiako bigarrena izanen da: 1988an, jantokia lortzeko egin zuten; 2022an, berriz, erosteko ahalmena bermatuko dien lan hitzarmen duina aldarrikatuko dute. Nafarroako enplegu-zentro berezi handiena da eta ia 900 langile ditu.

Enpresa-batzordeak antolatu du greba, LAB eta ELA sindikatuek, zuzendaritzak irailean adostutakoa betetzeari uko egin ostean. Negoziazioak joan den urte osoan egin ziren, eta, hain zuzen ere, irailean enpresaren zuzendaritzak bere gain hartu zituen negoziatutako puntu ia guztiak. Baina iritzia aldatu zuen, eta langileen erosmen ahalemena ez die bermatu nahi. 

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek batera abiatu zituzten negoziazioak, baina zuzendaritzak iritziz aldatzearekin batera, UGTk eta CCOOk "ezkutuan" beste bide bat hartu dutela salatu dute. "Tasubinsako langileei KPIa bermatzeko greba modu aktiboan saboteatu dutela UGTk eta CCOOk. Akordio bat sinatu dute, langileen behar, aldarrikapen eta gehiengoaren ordezkaritzari bizkarra emanez", azaldu du LAB sindikatuko Joseba Pagolak.

Sindikatu horien eta zuzendaritzaren jarrera ikusirik, euskal sindikatuek ez dute jarraipen handirik espero. "Aldi baterako langile asko daude enpresan, eta horiei grebarik ez egiteko aholkatu diegu", gaineratu du Pagolak.

Enpresa-batzordeak azaldutako datuen arabera, Tasubinsak 2019an 246.000 euro irabazi zituen eta 2020an 400.000 euro baino gehiago. Gainera, bi milioi eurotik gorako inbertsioa egin zuen nabe eta makina batean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!