Geroa Baiko parlamentari Jabi Arakamaren aburuz, aitorpen hori “guztiz lotsagarria” d: “ ‘Ez duzu lapurtuko’ zioen erakunde horrek. Ez dakit zerua irabazten ari diren”, adierazi du ironikoki. “Zer egin daiteke? Oso zaila da. Negoziazio extrajudizialak daude, baina hor Elizak ez du atzera egiten. Ez du onartzen besteen jabetza. Bide judiziala abiatu da hainbat kasutan, Uxue, Otsagi… Baina Udalak helegiteak galtzen ari dira”, azaldu du Arakamak.
Geroa Baiko parlamentariaren aburuz, “presio soziala oso garrantzitsua da, eta eragile sozial batzuk oso ongi egiten ari dira bere lana”. Nabarmendu duenez, “presio politikoa ere garrantzitsua da, eta hor gaude alderdi gehienak”. Haatik, “konponbidea oso zaila da, Elizarekin egin baitugu topo”.
EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizen iritziz, albisteak “mahai gainean jartzen du Eliza katolikoak erakundeei zein herritarrei aurpegira barre egiten digula”. “Estatu osoan 100.000 inmatrikulazio dira. Nafarroan soilik ia 3.000. Baldintza horietan gustu txarreko txantxa bat iruditzen zait halako inmatrikulazio kopuru txikia aitortzea desegokitzat”.
Ruizek aitortu du “Nafarroako Gobernua urratsak egiten” ari dela, esate baterako, egindako inmatrikulazio guztien zerrenda osatuz, baina “oraindik ez da argitaratu zerrenda osoa, eta herritarrek datu horiek guztiak ezagutzeko eskubidea daukate”.
Bakartxo Ruizek salatu nabarmendu duenez, “Elizak botere handia du, Nafarroan bereziki, baina erakunde guztiek, mugimendu sozialek eta herritarrek errepide mapa zehaztu behar dute, beldurrik gabe”.
Argazkiak: Euskalerria Irratia eta Wikipedia.