Alderdiko zuzendaritzak espedienteak ireki zituen iazko urrian Maiorga Ramirez eta EAko zeinbat koordinatzaileren aurka. Espedientean jaso dituzten kanporatze proposamenak ezagutu dituzte orain. Alderdiaren "defizit demokratikoa" agerian geratzen ari dela salatu du gaur Maiorga Ramirezek Euskalerria Irratian: "Biktima, ni, kaleratu nahi naute, hain zuzen ere, eskubide urraketa batzuk saltzeagatik. Ez du ez hanka, ez bururik".
2019an, idazkari nagusia izendatzeko hauteskunde prozesuan, Maiogra Ramirezen hautagaitza atzera botatzea erabaki zuen zuzendaritzak, baldintzak ez zituela betetzen argudiatuta. Berme batzordeak izendapena eten zuen, erabaki hura bertan behera utziz. Auzitegietara jotzea erabaki zuen, orduan, Eba Blanco egungo idazkari nagusiak eta beste hautagaiak. Hortik dator EAren barne borroka.
2020ko ekainean, epaiketa egin zuten, eta epaitegiak ebatzi zuen primarioen prozesuaren aurkako salaketa baliogabetzea. Sektore kritikoak epai horri helegitea jarri zion, eta Arabako Probintzia auzitegiak ebatzi zuen 2019ko primarioetan Maiorga Ramirez hautagaiaren eskubideak urratu zirela.
Iruñeko eta Nafarroako koordinatzaileak, Esther Korres eta Miren Aranoa ere kanporatze arriskuan daude, gertatuz gero, EAko Nafarroako afiliatuen indarra apalduko ez duela ziurtatu du Ramirezek. Ostiralean bilera eginen dute egoera aztertzeko nafar militatenteek.
Alderditik kanporatua izanez gero, EH Bildu talde parlamentarioan zer ondorio izan ditzakeen galdetuta, Ramirezek ziurtatu du esparru ezberdinak direla eta erakundeen funtzionamenduan honek eraginik izan ez dezan konpromisoa hartu duela.