Oier, muntaketa lanetan harrapatu zaitugu, ezta?
Bergarako Seminarixoa antzoki ederrean gaude. Komentua eta unibertsitatea izan zen. Muntaketan ari gara bihar estreinatuko baitugu ikuskizuna, foku artean, kable artean.
Berehala helduko diogu antzezlanari, baina lehenago sortzeko bideaz mintzatu nahi diogu, Udalbiltzaren sormen beken bitartez egin baituzue. Duela urte bete eta pixka bat gehiago Udalbiltzak deialdi publiko bat egin zuen sormen proiektuak aurkezteko, idazketan, zinemagintzan eta antzerkigintzan. Antzerkigintzan 23 proiektu aurkeztu genituen konpainia eta profesional ezberdinok eta bost proiekturi sormen beka eman ziguten. Diru laguntza bat sormenerako, eta 21 eguneko egonaldia Udalbiltzaren proiektu honetan parte hartzen duen udalerri batean. Gure kasuan hiru udalerri tokatu zaizkigu, zorionekoak gu, eta ibili gara Altzuola, Elgeta eta Bergaran. Sormenerako espazioa, lo egitekoa, jatekoa eskaini digute, eta hartu emana bertakoekin gure proiektua aberasteko.
Oso bide interesgarria, sortzaileen arteko harremanak bultzatzeko.
Bai. Askotan Euskal Herrian euskaraz sortzen den honetan guztian pixka bat bakarrik sentitzen gara. Eta bat-batean horrenbeste proiektu aldi berean martxan ikustea eta gure artean horien guztien parte sentitu ahal izatea plazera da. Gure artean ibili gara: zer moduz zuek? Eta nola egin duzue hau? Eta nola atera zaizue bestea? Plazer handikoa da hori guztia. Pentsa ze urtetatik gatozen, pandemia honekin. Halako batean 2022ko hasieran bost antzezlan estreinatzea euskaraz, Euskal Herrian eginak, plazera da. Gainera Udalbiltzak zabaltze plan bat ere antolatu du eta 27 emanaldi eginen ditu antzezlan bakoitzak Euskal Herri osotik. Sormenaz gain, plazak eskaini dizkigu proiektu honek.
Sortzea garrantzitsua da, baina plazak lortzea ere bai.
Amildegirik handiena hori izaten da maiz. Batzuetan, sekulako sormen lan ona prestatzen duzu eta gero plazak lortzea zaila izaten zaizu, hor beste aldagai asko sartzen direlako.
Zure antzezlanak doluari buruz dihardu. Zergatik?
Guri gustatzen zaigu esatea doluaz mintzo den pieza eszeniko bat dela. Ohiko dramaturgiatik aldendu nahi izan dugu, eta Ohiko antzerki dramaturgiatik aldendu nahi izan dugu eta aurkezten duguna da pieza eszeniko bat non hiru pertsona dauden oholtzan, doluan bizi izaten ditugun prozesuak antzezten baino bizitzen, eta horiek arintzeko errituak edo ekintzak egiten.
Bi aktore zarete, Belen Cruz eta biok, eta dantzari bat, Eneko Gil.
Hori da. Hirurok gaude oholtzan. Eneko berez dantzaria da aspaldidanik, Kukai dantza talderekin eta beste hamaika proiektutan ibilitakoa. Azkenaldian antzerkiaren eta dantzaren artean dabil saltoka. Belen Cruz aktore donostiarrak urte mordoxka daramatza profesio honetan, ikus entzunezkoetan, eskolak ematen. Eta ni neu. Hirurok gaude. Ekintza abstraktu eta poetikoekin doluak egiten duen bide hori nolabait oholtzara eramaten.
Hor nonbait irakurri dut doluak sortzen duen mina eta hutsunea isilpetik atera nahi duzula lan honekin, horren guztiaren inguruan gogoeta piztu nahi duzula.
Hori izan da proiektu honen bulkada nagusia. Ematen du gure jendartean geroz eta gehiago doluak ez duela lekurik, leku sozialik, komunitariorik. Ematen du doluaren prozesua estandarizatu dela, baina pertsonak adina dolu daude. Pertsona bakoitzak dolua modu batean bizi du eta bere denborak behar ditu. Orain, 48 orduz tanatorioan zaude; gero lurperatu, erraustu edo dena delakoa egiten duzu, eta ematen du prozesua amaitu egiten dela. Baina errealitatea bestelakoa da. Iruditzen zitzaigun arte praktiken bidez, arte eszenikoen bidez, leku bat ematen ahal zaiola prozesu horri, eta bultzatzen ahal dugula horri buruzko hausnarketa. Ematen du horri buruz hitz egiteak beldurra ematen digula. Maite ditugun senideen heriotzak dakarzkigun sentsazio eta emozio guzti hori aitortu behar dugu. Leku bat eman behar zaio. Horretaz mintzatzea sanoa da hark ematen baitio zentzua gure bizitzari.
Ikuskizuna Iruñerrira ekartzeko asmorik ba al duzue?
Bai Iruñerrian izanen gara Udalbiltzaren programaren barruan apirilaren 10ean. Eta Nafarroan beste emanaldi batzuk izanen ditugu: Leitza, Lesaka, Lodosa, Tafalla... Eta espero dugu plaza gehiago sortzea.