Ana Ollo: "Euskararen dekretuarekin erritmo lasaiegia du lehendakariordeak"

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 13a, 11:59

Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak zehaztu du Lehendakaritza departamentuaren esku dagoela administrazioan euskararen erabilera arautuko duen dekretua. Indarrean dagoena edukiz hustu zuen Nafarroako Auzitegiak, 2019an; eta egun ezin da euskara merezimendu gisa hartu eremu misto eta ez-euskaldunean.

Lehendakaritza kontseilariaren mahai gainean dago Herritarrekiko Harremanetarako departamentuak diseinatutako euskararen dekretua. Gaiaz galdetuta, gaur, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak ez du zehaztu noiz helduko dion lehendakaritzak aferari. Bi urte dira gaia lantzen ari direla eta erritmoa geldoegia izaten ari da haren ustez. "Gure ustez lasaiegi ari dira, espero dezagun hemendik gutxira izatea, gabezia hori gainditu dezagun", zehaztu du Ana Ollo kontseilariak 

Onartua izan dadin, lehendakariordeak dokumentua sindikatuei aurkeztu behar die lehenik. Ondoren gobernu saioak Nafarroako Kontseilura helaraziko lioke, eta honen txostena edukita, gobernu saioan onartuko luke gobernuak.

2019ko urritik iragartzen ari dira administrazioan euskararen erabileraren inguruko dekretua. Iazko ekainean azaldu zuen gobernuak, ez dutela euskararen ezagutza baloratuko eremu ez euskaldunean. Euskararen Legearen araberako eremu euskaldunean eta mistoan baloratuko dute soilik euskara, lan eskaintza publikoetan. PSN eta Geroa Bairen tirabiren ostean, eremu mistoan ñabardurekin.

Bitartean lan eskaintza publikoak bata bestearen atzetik ateratzen ari dira, zeinetan euskararen balorazioa ez den egiten ari. Indarrean dagoenaren zati bat baliogabetu zuen Nafarroako Auzitegiak 2019an, eta geroztik ezin da euskara merezimendu gisa hartu eremu misto eta ez-euskaldunean. Hala gertatu da, esaterako, otsailaren 6an izanen den erizainen oposizioarekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!