Bakedao eta Txulapainen euskarazko izendapenak onartuko ditu Nafarroak

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 12a, 15:49

Bakedaoko eliza. Iturria: Wikimedia

Gobernuak bi herri hauen izendapen aldaketa onartu du.

Nafarroako Gobernuak, ohiko Gobernu batzordean, Bakedanoko kontzejuaren eta Txulapain udalerriaren izendapen aldaketak onartu ditu. Toki entitate bien izen ofizial berriak "Baquedano / Bakedao eta Juslapeña / Txulapain izango dira aurrerantzean" jakinarazi dute agintariek. Euskarazko izendapenaren onarpena udalerri eta kontzejuen ekimenaren eraginez gertatu da, tokiko udalek hala erabaki ostean.

Bakedaoko Kontzejuaren kasuan urriaren 11n onartu zuten, kontzeju akordioaren bidez, izendapen aldaketa eta eskaera azaroaren 26an aurkeztu zuen tokiko erakundeak Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusian. Orduan Gobernuak Euskarabidearen aldeko txostena eskatu zuen, eta oniritzia jaso ostean onartu dute presidenteak eta kontseilariak euskarazko izendapena. 

Txulapaingo Udalak 2021eko urriaren 11n osoko bilkuran izena aldatzeko akordioa lortu zuen eta azaroaren 29an eskaera bidali zuen Gobernura. Abenduaren 2an Euskarabidearen aldeko txostena eskatu zuten agintariek eta euskara sustatzeko erakunde publikoak aldeko txostena igorri zuen bi aste beranduago. Kasu honetan ere gaur onartu dute izendapen berria.

Orain, Nafarroako Administrazioaren Toki Entitatetako Erregistroan erregistratuko dituzte Bakedao eta Txulapainen izendapenak eta gero Estatuko Administrazio nagusira bidaliko dituzte erregistroak, Toki Entitateen Erregistroan bildu ditzaten. Azkenik Estatuko Buletin Ofizialean argitaratuko dituzte izen berriak. 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!