Geoffroy Huard historialari paristarrak egin du ikerketa, Nafarroako Parlamentuaren eta Memoria Institutuaren enkarguz, eta EGHAM mugimenduaren laguntzaz.
Kepa Yecora EGHAMeko kidea da, ikerketan lagundu du. Gure mikrofonoetan azaldu duenez, LGTBI Legea tramitatu zutelarik, EHGAM bezalako elkarteek memoria historikoan ere kolektibo hau aintzat hartzeko eskatu zuten, eta eskaera horri erantzunez sortu zuen joan den urtean foru parlamentuak ikerketa hau egiteko lerroa aurrekontuetan.
Ikerketaren xedea zen errepresio judiziala aztertzea, baina trabak topatu dituzte: “Nafarroako auziak Zaragozan daude, eta han esan digute Pribatutasun Legearen arabera, 50 baino gutxiago dituzten auziak ezin direla ikertu. Institutua eta Koldo Martinez senataria lanean ari dira baimena lortzeko, eta, batek daki, agian azkenean baimena emanen digute; izan ere, beste erkidego batzuetan ahalbidetu dute halako ikerketak egitea, betiere konfidentzialtasuna bermaturik”. Yecoraren aburuz, “funtsezkoa da jakitea zer gertatu zen, zenbat jendek pairatu zuen prozesu judiziala eta zein nolako zigorrak ziren”.
Frankismoak Nagien eta Gaizkileen Aurkako Legeari izena aldatu zion, eta Arriskutsutasun Sozialaren eta Gizarteratzearen Legea birbataiatu zuten, hain zuzen ere genero disidenteak begiz jota zituztelako: “Homosexualei inbertitu esaten zieten ezarrita zeuden arau sozialak iraultzen zituztelako”.
Ikerketak argi utzi du maila sozioekonomikoa erabakigarria zen zigor judiziala pairatzeko tenorean: “Goi mailakoek ez zuten zigor penalik jasotzen. Homosexuala eta beraz gaizkilea zinen aztertzerakoan, ongi aztertzen zuten zein lanbide zenuen”, azaldu du Yecorak.
Nolanahi ere, judiziala ez zen errepresio bakarra. Jendartearen eta familiaren barruan ere bazen. “Emakumeak ikusiezinak ziren orduan, eta lesbianek tratamendu jakin bat izan zuten, batez ere familia barruan, errepresio soziala izan zen haiena”, dio EHGAMeko kideak.
Halaber, garai haietako homosexualek eta trans pertsonek bizirauteko zerabiltzaten kodeak eta estrategiak aztertu dituzte, baita haien militantzia ere. Horretarako hainbat elkarrizketa egin dituzte.
Yecoraren arabera, prozesu ederra izan da solasaldiok egitearena, baina baita oso gogorra ere: “Batetik ikusi dugu jende asko hil dela.; eta bestetik konprobatu dugu oraindik badagoela jendea beldurra duena, ez dena hitz egitera ausartzen. Eta aldi berean badago jendea ez diona zentzurik ikusten ordukoak gogoratzeari: zertarako oroitu surimendu hori guztia?”.
Mintzatzera ausartzen direnen lekukotasun askotan beste arazo bat dakusa Yecorak: “Bada jendea oraindik ez dena gauza pairatu duen sufrimendua identifikatzeko. ‘Gutxi jotzen zidaten’, esan izan digute. Edo halako errepresio bortitza pairatu ez genuenok zorteko sentitzen gara, gure gaztaroa libreki bizitzeko aukera ukatu baziguten ere. Homofobia integratua daukagu”.
Hori guztiori horrela, eskertuta mintzatu da Yecora: “Biziki eskertzen diegu parlamentuari eta institutuari aukera hau eman izana, nahiz eta batzuentzat beranduegi iritsi den, jada hilda daudelako”.
EHGAMeko kidearen irudikoz, “ezinbestean jakin behatr dugu nondik gatozen, zer nolako sufirimendua eduki duten pertsona horiek, oroimen historikoa presente eduki, eta kontziente izan orduan erabiltzen ziren oihuak eta irainak oraindik erabiltzen direla”. Haren ustez, “asko aurreratu dugu, baina oraindik asko falta da, badugul zer borrokatua, zer aldarrikatua”.
ARGAZKIA: Oskar Sada eta Kepa Yecora EHGAMeko kideak, artxiboko irudi batean.