Ion Celestino: “Musikaren tradizioan norberak sortzen duena beste katebegi bat da”

Juan Kruz Lakasta 2022ko urt. 4a, 13:47

  • Urte berri egunean diskoa sareratu du Broken Brothers –ek: Katebegia, Iruñeko brass bandaren bosgarren lan luzea.
  • Duela urte bete baino gehiago grabatu zuten, eta kolaborazioneen bitartez Iruñerriko musika eszenaren berpizkundeko ahots gehienak biltzen ditu.

Diskoaren izenburuak musika, tradizioa, kultura ulertzeko modu oso bat gordetzen du bere baitan, taldeko tronpeta jotzaile eta ideologo Ion Celestinok azaldu digunez: “Gure ustez, musikaren tradizioaren, gutako bakoitzak egin behar duena da katebegi bat gehitu. Tradizioa ez da talkaka dabilen zerbait, baizik eta katebegiz-katebegi dabilena. Zuk sortzen duzu, baina katearen beste zati bat gehiago da zuk ematen duzun hori”.

Nolanahi ere, diskoa bataiatzeko tenorean beste alde bat ere izan dute gogoan: “Sinboloekin etengabe jostatzea gustatzen zaigu, eta katebegiak eta Nafarroan badu esanahi bat. Zaldieroaren katebegi galdua ere asko gustatzen zaigu”.

Duela urtebete baino gehiago  grabatu zuten diskoa, egun denon ahotan dabilen Iruñeko eszenaren berpizkundea abiatu –edo behintzat ezagutu– aurretik. Haatik, gerora berpizkunde horretan protagonista izanen ziren ahots gehien-gehienek esku hartu zuten diskoan edo aurrerapen kantuan, aldez edo moldez: Chill Mafia, Ibil  Bedi, Tatxers, Skabidean, Nerea Erbiti... Izan ere, Celestinok urteak daramatza belaunaldi ezberdinetako musikariekin harremanetan; haiei hauspoa zein aholkuak eskaintzen; haien arteko harremanak sustatzen. 

Horrekin guztiarekin lotura du diskoaren aurrerapen kantu moduan hautatu duten kantua, Ibil Bediren Orain bat gara kantaren bertsioa. “Gerora agian beste lelo batzuk gailendu dira, baina lelo horrek mamitzen du nik nola nahiko nuke gauza asko izatea”.

Bitxikeria adierazgarri bat: Joan zen gaua kantua Chill Mafiak Gazte arruntaren koplak karrikaratu aurretik izan zen grabatua. Abestia San Simon eta San Juda kantuaren bertsio bat da: “Don Simon eta Ron Brugal, joan zen gaua eta mañaneoa heldu da”. Eta gure irratia aipatzen du: “Kar, kark, kar, eradarakadaka Euskalerria Irratian, maketoak entzun dezan”: Garai haietan eta baita egun ere Beñat Rodrigo Kiliki Frexkok gure irratian kolaboratzen zuen, kolaboratzen du.

BAdira euskararen aldeko aldarrikapen ortodoxoagoak, konparaziora, Euskaraldia iragartzeko bere garaian sorturiko bi kanta: Mailu bat eta 24/7. Emakumezko ahotsek, Broken SIstersenek, pisu handia dute bi kanta horietan zein Agur Jaunik ederrean ere. Joseba Tapiaren esku soinua entzun daiteke Kodea kantuan zein Joan zen gauan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!