Nerea Urbizu (Ene Kantak): "Uholdeen kalteen tristezia asko arindu digu jendearen elkartasunak"

Juan Kruz Lakasta 2021ko abe. 23a, 13:09

Ene Kantak ekimenaren Atarrabiako egoitzan urak metro eta erdiko altura hartu zuen. Jendearen laguntzari esker ETB3ko saioak grabatzeko eta emanaldiak ez atzeratzeko moldatzen ari dira. Urtarrilaren 9an Baluarten izanen dira.

Ene Kantak-eko lagunek Atarrabian dute egoitza, Arga ibaiaren ondoan. Urak metro eta erdiko altuera hartu zuen haien bulegoetan. Kalteak, bistan denez, handiak izan ziren: “Ordenagailuak, kableak, aulkiak, mahaiak… Urak denak hondatu zituen. Aulkiak garbitu ditugu, baina ez dira lehortzen, eta ez dugu non eseri”, azaldu du Nerea Urbizu taldeko musikariak. “CDak eta kamisetak ere busti zizkigun. Kamisetak garbitzera bidali ditugu eta oso ongi geratu dira, baina prezioa aldatu beharko dugu”, gaineratu du.

ETB3rentzako egunero saioa egiten dute. Horretarako platoa atondu zuten Atarrabiako haien egoitzan. Eta platoan ere, jakina, urak kalte handiak eragin zituen: “Zorionez artista handiak ditugu taldean, eta azkar konpondu dute, petatxoen bitartez. Zokaloak berriz margotu dituzte, elementu zenbait berritik egin dituzte. Nola edo hala moldatzen ari gara”.

Urbizuren arabera, panorama duela bi aste baino dezente hobea da, baina oraindik asko daukate konpontzeko. Aseguru etxeak oraindik ez dira haienera hurbildu, galtzak bete lan dabiltzala eta. Dena dela, laguntzarik ez zaie falta izan. “Gure gertuko lagunez gain jende asko etorri zen garbiketa lanak egitera. Atarrabiakoak zein kanpokoak. Oso gogorra da urtetan egindako lana hondatuta ikustea, baina tristura hori asko arintzen du horrenbeste jende laguntzen ikusteak”.

Ez da harritzekoa hainbeste laguntza jaso izana. Aspaldidanik dute harremana Euskalerria Irratiak eta Ene Kantak ekimenak. Hain justu, irratia oso egoera ekonomiko makurrean zegoelarik, 2014an, Ene Kantakek Oneka izeneko diskoa grabatu zuenetik, gure komunikazio proiektuarentzako sosak lortze aldera.

Molde horretako hainbat kolaborazio egin dituzte, euskararen alde lan egiten duten taldeekin. Bide horretan lagun ugari egin dituzte eta hori agerian geratu da azken egunotan.

Ene Kantakeko kideak telebista saioak egiteko moldatzen ari dira, baita ikuskizunak egiteko ere. Gasteizen eta Iruñean dituzten hitzorduei eutsiko diete, “baldin eta egoera pandemikoak horretarako aukera ematen badigu”.

Abenduaren 30ean Gasteizko Iradier Arena aretoan izanen dira, eta urtarrilaren 9an Iruñeko Baluarten. Euskaldunon hiri buruzagian bi emanaldi eginen dituzte. Lehena 12:00etan, eta bigarrena 19:00etan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!