Belen Ausejo (Urbizi Elkartea): “Zientifikoak aspaldi daude ibaien ibilguak garbitzearen aurka”

Juan Kruz Lakasta 2021ko abe. 15a, 11:38

Uholdeen ondotik, ibaien ibilgua garbitzeko eskatzen ari zaizkio Ebroko Konfederazio Hidrografikoari (CHE), besteak beste, Geroa Bai eta EHNE zein UAGN nekazal sindikatuak.

Halako eskaerak CHEri “asko gustatzen” zaizkiola salatu du Urbizi Elkarteko Belen Ausejok Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan: “Zientzialariek, teknikariek, ibaiez dakitenez, aspaldidanik esana dute garbiketaren kontra daudela, baldin eta garbiketatzat badugu ibaien ibilguak dragatzea eta ibaien dinamikentzat oso garrantzitsuak diren solidoak, sedimentuak kentzea”.

Gauzak horrela, Ausejoren aburuz, “egun ezin da garbiketa mota hori defendatu gutxieneko ezagutza bat baduzu, kultura eza ikaragarria adierazten du”.

Urbizi elkarteko kidearen irudikoz, gakoa uholde eremuetan ez eraikitzean datza. “Uraren Kultura Berriaren Fundazioan badago Pedro Arrojo izeneko hidrogeologo bat, Zaragozako Unibertsitateko irakaslea dena, eta hark oso ongi azaltzen du: ibaiak noizean behin gugana datoz, jabego agiriarekin, erakusteko uholde-eremuak norenak diren”, azaldu du.

“Ibaiarenak diren eremuetan eraikitzen dugu, eta iruditzen zaigu urtegiekin aski dela han uholderik ez izateko, edo babes batzuk jarrita. Horiek ibaiari kaltea egiten diote eta guri segurtasun sentsazio faltsua ematen digute”, gaineratu du Ausejok.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!