Bi ekitaldirekin ospatuko du Orreaga Fundazioak Nafarroaren Eguna. Ostiralean, abenduaren hiruarekin, 12:00etan Foruen Monumentuan omenaldia eginen die Nafarroaren alde bizitza eman dutenei, eta 13:00etan sari banaketa eginen du Udaletxe plazan.
Nafarroaren Eguna edo Nafarren Biltzarra. Bi moduotan izendatzen du Orreaga Fundazioak abenduaren hiruko ospakizuna. Egun horretan, bi sari ematen ditu: Nafarroaren nortasunaren eta interesen alde egin dutenentzat Pedro Mariskal saria. Eta horren guztiaren aurka egin dutenentzat, Leringo Kontea saria.
Pedro Mariskalen garaikurra aurten Nafarroako Ikastolen Elkartearentzat izanen da, Orreaga Fundazioko eledun Koldo Amatriak gaur Metropoli Forala saioan aurreratu duenez. “Azkenaldian, denok darabilgu ahoan ingurumena, eta Oinez Basoa ekimenarekin alor horretan aspaldidanik ari da lan handia egiten Ikastolen Elkartea”.
Oinez Basoa ekimena 2008an jarri zuen abian Nafarroako Ikastolen Elkarteak, eta ordutik 50.000 zuhaitz landatu dituzte. Gaur, ilunabarreko zazpietan, Kondestable Jauregian, hitzaldia eskainiko dute Ikastolen Federazioko Pello Reparazek eta Marta Igoak proiektuaren nondik norakoen berri emateko.
Lerin Kontearen saria, berriz, Nafarroako Justizia Auzitegiarentzat izanen da. “Nafarroan euskararen aurkako legeak oso zorrotzak dira, eta epaileek are zorrotzagoak, itxiagoak egiten dituzte, inork helegite bat aurkezten duenean beti kontrako epaia emanez, adibidez, Haur Eskolen edo Lan Eskaintza Publikoen auzietan”, azaldu du Amatriak.
Ostiraleko ekitaldietan Nafarroa Berriz Altxa ekimeneko ordezkariek ere parte hartuko dute. Eta Amaiurtar bati, Patxi Urrutiari hain zuzen ere, ikur bat emanen diote, Noaingo Batailaren bosgarren mendeurrena eta Amaiurko Batailarena lotzen dituen lekuko moduan.
Mikel Altzuart eta Gerrard Superregi bertsolariek, Peio eta Io abeslariek eta Kantuz ekimeneko kideek ere parte hartuko dute ekitaldian.