Emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsi du Nafarroako Parlamentuak aho batez

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 22a, 10:55

Martxoaren 8an Nafarroako Parlamentuak egindako ekitaldia, artxiboko irudian. (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

Azaroaren 25ean Nafarroako Gobernuko Berdintasun Insititutuak antolatu duen elkarretaratzean parte hartuko du foru ganberak.

Adierazpen insituzional bat onartu dute gaur Nafarroako Parlamentuko talde guztiek. Emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazoa" dela jasotzen du testuak. Erakunde publiko gisa duten erantzukizunetik abiatuta, biktimei eta bizirik atera direnei omenaldia egin nahi diete. Testuak Murchanten hildako emakumezkoa eta Azagarran izandako eraso matxista nabarmentzen ditu.

Tokiko berdintasun teknikariek sinatutako 'Indarkeria bat, hamaika modu' manifestuarekin bat egin du parlamentuak, eta emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza izan dezaten tokiko erakundeak baliabideak gehitzera bultzatu ditu.

Beste instituzioekin batera era koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartu du testuaren bitartez parlamentuak. Azaroaren 25ean Sarasate pasalekuan eginen dute protesta parlamentariek, 12:00etan.

Indarkeriaren inguruko datuek erakusten duten gorakadarekin kezkatuta agertu dira talde guztiak.

"Genero indarkeriari ezetza esanen dio parlamentuak", nabarmendu du Geroa Baiko Uxue Barkosek. EH Bilduk osteguneko osoko bilkurara eramanen du gaia. Buruko osasunari lotuta indarkeria matxistak osasun arretan eragin duen gorakadari buruz galdetuko dio Nafarroako Gobernuari. Ahal Duguk, berriz, emakumeek pairatzen duten indarkeria informatikoan jarri nahi du arreta. Gaurkotasunezko galdera eramanen du osoko bilkurara.

Prebentziorako neurri gehiago galdegin ditu, berriz, Ezkerrako Marisa De Simonek: "Covid-ak eragina izanen zuela bagenekien, eta orain agerikoa da. Nola da posible gazteek pentsatzea emakumezkoei gustatzen zaigula erasoak pairatzea"

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!