Foro Sozialeko ordezkariak parlamentuan izan dira, Herritarrekiko Harremanetako batzordean, elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko urratsen eta oztopoen berri ematen. Gainditu beharreko hiru korapilo identifikatu dituzte: biktima guztien aitortza, "guztiena"; memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko krispaziorik gabeko errelatora jauzi egitea eta preso, iheslari eta deportatuen eskubideak errespetatzea.
Lehengo korapiloa askatzeko "lagungarria eta beharrezkoa" den pausu gisa hartu ditu Foro Sozial Iraunkorreko kideak Navarra Sumako parlamentari Iñaki Iriarteren hitzak. Hala ere, adierazpenak "argi ilunak" badituela uste du. Estatuko indarkeriaren biktimekiko konfiantza berreskuratzeko eskatu zieten parlamentariei, "mezu argi bat bidaliz biktimei legearen ezarpenari dagokionez". Lehena, balorazio batzordearen osaera adostea, eta, bigarrena, legearen ezarpen-dekretuaren inguruko akordioan aurrera egitea.
Biktimen alorrean, bestalde, ongi etorrien gaia ere landu du parlamentariekin Foro Sozialak. Aurrera urratsak ematen ari direla ziurtatu dute, eta horiek "era diskretuan" eman izana txalotu dute.
“Memoria kritiko inklusiboa” eraikitzearen gaian hobetzeko dituztenak ere ekarri zizkien gogora Foro Sozialak ordezkari politikoei. “Kontakizunaren batailan", esparru politikoan, krispazioa da nagusi, haien aburuz. Gizartea aurretik dutela ohartarazi die Espe Iriartek.