Aurtengo korrika bertan behera utzi ondoren, 2022ko udaberrian herriz herri igaroko da Korrika. Errepidetik Amurrio eta Donostia lortuko ditu lekukoak. Hitzekin izanen du lelo. “Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute komunitatea. Euskarak aurrera eginen badu, euskaldun proaktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzetara, praktikara jauzi eginen dutenak”, azaldu du Aitziber Balantzategi Korrika batzordeko kideak.
"Ekin, eragin eta eginarazi”. Horiek izanen ditu helburu. Elkarri eginarazi nahi diote herriari, hitzarekin eta ekinarekin. “Hitzekin ulertzen dugu hizkuntza, beraz, ekin, euskaraz egin. Orain da 22. tantoa egiteko unea, partida irabazi behar da euskaraz eginez”.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko ditu 22. Korrikak. Euskal munduan euskaraz egindako ibilbidea goraipatu nahi du AEKak. “Haiei esker askok ekin dugu, eta askok ekingo diote”.
“Pandemiak ia ezabatu du errotik askoren bizitzatik euskara”. Atzera begira itxialdian euskararen aldeko jarrerari eutsi ziotenak izan ditu gogoan Alizia Iribarren AEKaren koordinatzaile nagusiak. Euskararen aldeko uholdea berreskuratzea ezinbestekoa jo dute: “Korrikak akuilu lana egin dezan nahi dugu”. Hori izanen du helburu nagusi beste behin Korrikak, baina bigarren helburu argi bat ere badu: dirua biltzea euskaltegietako egunerokoa finantzatzeko. Administrazioen ekarpena ez da nahikoa “oraindik”, azaldu dutenez. EAEn eta Ipar Euskal Herrian diru iturriak handitu direla esan dute, Nafarroan “aurrera urratsa” eman dela uste du AEKak. Hobekuntzak areagotu eta egonkortuko direla itxaropena dute.
Hala euskaltegietara bideratuko du AEKak da Korrikaren bitartez jasotako dirua. KORRIKA laguntzailea izanez, materiala erosiz, diru-bilketan lagunduz edo ekarpen zuzena eginez lagundu daiteke Korrika.
Hitzek hizkuntza, ekinak herria.
Hitzekin ulertzen dugu hizkuntza.
Beraz, ekin! Euskaraz egin.
Hitzetik ekintzara salto, hitz egin eta ekin.
Orain da 22. tantoa egiteko unea, partida
irabazi behar da euskaraz eginez, eraginez
eta eginaraziz, nork bere tokitik eta
eginbeharretik ekinez.
Ikasle, ekin;
euskaldun, ekin;
erdaldun, ekin;
eragile, ekin:
agintari, ekin;
ekin ELKARREKIN.
Gantxoz, bi paretaz zein botez, baliabide
anitzekin, eta guztiok hitza emanez.
Ekin, eragin eta eginarazi.
Ekin KORRIKAri