Ez da berria immigrazioaren fenomenoa. Eskualdearen arabera ezaugarri desberdinekin, gizarteko egitura demografikoan aldaketa sakonak eragin ditu euskararen lurraldean. Adierazle guztiek erakusten dute are eta gehiago haziko dela.
Nafarroako Gobernuak egindako azken aurreikuspenak ere horrela jasotzen du: Nafarroako biztanleria %1eko batez besteko erritmoan haziko da datozen 15 urteetan, eta 2035ean 763.000 biztanle izango ditu, gaur egun baino 102.000 gehiago. Biztanleriaren hazkundea, batez ere, biztanleria migratzailearen ekarpenari esker izanen da; izan ere, urtean 7 mila pertsona inguruko saldo positiboa utziko du.
Horrek, noski, euskarari buruz ari bagara erronka zenbait ekarriko ditu. "Aurreikusi gabeko konplexutasuna kudeatzea ezinbestekoa izango da euskararen biziberritze-prozesuan gizarteak aurrera egin dezan eta kulturen eta hizkuntzen arteko errespetuan eraikitako gizarte kohesionatua bideratu dadin", uste du Soziolinguistika Klusterrak. Gai horri heldu dio Iruñean antolatutako XIII. Euskal Soziolinguistika Jardunaldian, Migrazioak eta harrera linguistikoa izenburupean.