2019ko urritik iragartzen ari den administrazioan euskararen erabileraren inguruko dekretuaz, laster helduko dela araua esan du Txibitek. Bitartean lan eskaintza publikoak bata bestearen atzetik ateratzen ari dira, zeinetan euskararen balorazioa ez den egiten ari.
Kritika gogorrak jaso ditu gobernuak hizkuntza politikaren kontura. EH Bilduk "miopia politikoaz" ari direla leporatu dio. Euskaldunak ez iraintzeko eskatu zion Bakartxo Ruizek atzo gobernuari, euskara meritu gisa aintzat hartzeko eta departamentuetako hizkuntza planak garatzeko.
Gobernu kide nagusi duen Geroa Baik ere bide beretik jo du. Ausardia falta egotzi dio gobernuari, gaiaren aurrean. Alderdi sozialistaren jarrerarekin ez dutela bat egiten gogorarazi zion Txibiteri, Maria Txibitek: "Ez konpartitzeaz gain, salatu ere egiten dugu". Anomalia demokratikoa da egoera Geroa Bairen iritziz, eta sozialisten politikak zaharkituak geratzen ari direla gogorarazi die. 2015tik aurrera aldaketaren gobernuak egindako urratsak azpimarratu ditu.
Gobernukidearen kritiken aurrean erantzun egin du Maria Txibite presidenteak. 2022ko bigarren hiruhilekoa baino lehen onartu nahi ditu departamentu bakoitzeko hizkuntza planak, "lanak ia amaituta daudelako". Onartuko diren euskara plan hauek eta administrazioaren dekretuak eragina izanen dute etorkizuneko lan eskaintza publikoetan azaldu zuen Txibite presidenteak. Horrek esan nahi du hurrengoetan euskara aintzat hartuko duten lanpostuak egongo direla.