Ikastolek beraien sorreratik gaur egun arte, garatutako euskal hezkuntzaren ondare immaterialaren bilduma gisa sortu da dokumentala. Ikastoletako komunitateetako pertsonek, profesionalek aurrera eraman dituzten praktikak, ezagutzak eta lotutako espazioak lan bakar batean bildu nahi izan dituzte. Zehatzago, ez dute galtzen utzi nahi izan.
Reparazen ustez, ondare immaterial hori, hasierako irakasle haiengandik hasita, belaunaldiz belaunaldi helarazi da, eta uneoro birsortzen joan da, etengabe, gizartearen premien elkarreraginez. Dokumentalean, eta bere osotasunean gordeko diren testigantza osoek, Nafarroako Ikastolen mugimenduak euskara irakas-hizkuntza izanik, murgiltze ereduaren baitan, praktika pedagogiko berritzaileak eta kulturalak ezartzean eta garatzean izan duen zeregina jasotzen da.
Nafarroako hamabost Ikastoletako ordezkariek eta NIEko zein EHIko ordezkariek gai oso ezberdinak izan dituzte aztergai, guztiak Ikastolen hezkuntza eta kultura egitasmoarekin uztartuta. Testigantza hauek Ikastolaren identitate, Ikastolarekiko pertenentzia eta jarraipen sentimendu sakona adierazten dute, giza eta gizarte balio sendoetan oinarrituta.
Dokumentala Nafarroako Ikastolen Elkarteak ekoiztu du. Atzo erakutsi zuten jendaurrean San Fermin Ikastolan, eta aurki sare sozialetan eta NIEren webgunean izanen da ikusgai.