Espainiako Espetxeetako Idazkaritza Nagusiarekin hitzarmena sinatu du Nafarroako Gobernuak espetxe barruan Gaixo Mentalari Arreta Integrala emateko programa eta SerMujer.es garatuko ditu. Gobernuak duen borondatea erakusten du sinadurak, Eduardo Santos Justizia kontseilariaren iritziz.
Osasun eskumenak jaso berri ditu Nafarroak, eta horrek osasun mentalaren gaineko programak ezartzea erraztuko duela uste du kontseilariak. Osasun mentala da gobernuaren lan-ildo nagusietako bat, kontseilariak gogora ekarri duenez, buruko gaixotasunak latzagoak baitira espetxean kalean baino.
Emakume naiz programaren barruan garatuko dute, bestalde, genero berdintasunaren ingurukoa. Tratu txarrak atzemateko eskua hartzea izanen da, emakumeak eraso matxisten gaineko kontzientzia har dezaten eta horien aurrean irtenbideak bilatzeko.
Espainiako Espetxeetako Idazkaritza Nagusiarekin egindako bileran, gainera, erregimen irekia indartzeko moduak ere jorratu ditu kontseilariak. Nafarroko birgizarteratzeko eredua zein den azaldu dio Eduardo Santosek idazkaritza nagusiari, helburuak lortzeko zein baliabide behar diren jakin dezaten. Harrera ona izan du proposamenak, baina arazoak ere badirela aitortu du kontseilariak. Besteak beste, langile falta aipatu du.
Sinatutako hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da. Hitzarmena ez da lehenengoa eta ez da azkena izanen, atzo bi aldeek zehaztu zutenez.