Ura hizpide hartuko du Nabarraldek ondareari buruzko jardunaldietan

Reyes Ilintxeta 2021ko urr. 11a, 11:40

Urak gure historian, bizimoduan, industrian, kulturan, toponimian, hizkuntzan... izan duen garrantzia aztertuko dute urriaren 15 eta 16an Iruñean eginen diren Nabarralde Fundazioak antolatutako jardunaldietan. 

Duela urte batzuk hasitako norabidea galdu gabe, urrian VII. Ondare, Paisaia eta Globalizazio sinposioa ospatuko du Nabarralde Fundazioak, oraingoan KultURA – El agua como patrimonio izenburupean. Bertan, urak ondare bezala euskal gizartean duen presentziaz arituko dira.

Nabarraldeko zuzendari Angel Rekaldek argitu moduan, “urak eremu asko hartzen ditu gure gizartean. Gure nortasunaren, gure historiaren, euskararen, inguratzen gaituen paisaiaren eta gure bizimoduaren parte da. Garraio-bide garrantzitsua ere izan da, gure industriako oinarrizko elementua. Gure lurra zizelkatu duten ibaiak, historian erabakigarria izan den itsas zabalera, emakumeen bilgune izan diren iturriak… Ibaiak, halaber, gatazka sozialaren muinean egon dira kasu batzuetan, baita Nafarroan ere”. 

Hala, kultura, gizartea, identitatea, ingurumena edo historia bezalako arloak jardunaldi honen baitan uztartuko dira. Ikuspegi guzti horietatik ondarea landu eta sozializatzeko, programazio bikoitza aurreikusi du Nabarraldek, esparru asko hartuko dituena. Alde batetik, urriaren 15ean eta 16an izango den programa akademikoa: “EHUko Iñaki Antigüedad politologo eta geologoaren hitzaldi interesgarri batekin emanen diogu hasiera, NatURA ondare, Herri onURA izenburupean. Urriaren 16an, goiz osoz, hainbat adituk euren hausnarketak ezagutzera emanen dituzte, kultura, historia, euskara edo paisaiak bezalako esparru desberdinetatik abiatuz.

BISITA GIDATUAK, EMANALDIAK ETA MAHAI-INGURUAK Programa akademiko horretaz gain, Nafarroako hainbat tokitan kultura-jarduera batzuk prestatu dira KultURA jardunaldiaren baitan: bi bisita gidatu Iruñean, Kike Díez de Ulzurrunen eskutik bata (euskaraz) eta Victor Manuel Egiarekin bestea (gazteleraz); ibilaldi gidatu bat Artetara, “Subitzako hornikuntza-sistema ederra ezagutzeko”; Urtzen filmaren emanaldia Iruñeko Golem zinemetan, Telmo Esnal zuzendari donostiarrarekin batera; eta bi mahai inguru, horietako bat Lizarran, uraren balio sozialaren ingurukoa; eta beste bat Tutera, bertako ondare hidrikoaz hitz egiteko.

Jarduera batzuetan (bisita gidatuak eta jardunaldi nagusia, urriaren 16koa) aldez aurretik izena eman beharko da Nabarralde Fundazioaren webgunean bertan.

Jardunaldia Nafarroako Gobernuaren diru laguntzari esker antolatu du Nabarraldek. Bestalde, Lizarrako Udalarekin eta hainbat elkarterekin ere elkarlanean aritu da: Iturralde Elkartea, Martin Ttipia, Hernani Errotzen, Ega Bizirik, Ondare Industrialaren eta Herri Lanaren Euskal Elkartea eta Beterri Elkartea. 

EGITARAUA

EGITARAU AKADEMIKOA

Urriak 15 (ostirala), Kondestablearen Jauregia (IRUÑEA),  19:00

JARDUNALDIAREN IREKIERA: “NatURA-ondare, Herri-onURA” – AGUA: patrimonio de patrimonios”Iñaki Antigüedad (Bilbo, 1955eko ekainaren 21a). Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Hidrogeologiako katedraduna, geologoa eta politikaria da. Geologiari eta hizketakideari buruzko hainbat liburu ere idatzi ditu eta telebistako eta irrati saioetako eztabaidetan parte hartu du.

Urriak 16 (larunbata), Nafarroako Museoa (Iruñea)

“KultURA. El agua como patrimonio”

09:15-09:30 SARRERA: AMAIA APRAIZ (jardunaldiko zuzendaria)

09:30-10:00 “El futuro de nuestros ríos – Gure erreken etorkizuna”, CAMINO JASO (biologia-zientzietan lizentziatua Nafarroako Unibertsitate Publikoan)

10:00-10:30 “El agua en la historia, la cultura y la mitología”, PEIO IRAIZOZ 

10:30-11:00 Urak utzi dituen arrastoak Euskal Herriko eta Europako toponimian”, JUAN MARTIN ELEXPURU (idazlea eta itzultzailea)

11:00-11:30 Atsedena

11:30 – 12:00 “Ura eta paisaia”,  JOKIN DEL VALLE (biologia-zientzietan lizentziatua eta Nekazaritzako ingeniari teknikoa)

12:00 – 12:30 “La monumentalidad del agua”, IÑAKI URIARTE (arkitektoa) 

12:30 – 13:00 “Paisajes fluviales industriales”, AINARA MARTÍNEZ MATÍA (Ondare Industrialaren eta Lan Publikoaren euskal elkartea)

13:00 – 13:30   “El río como vía de transporte. El caso del Irati”, VÍCTOR MANUEL EGIA ASTIBIA (ikerlaria)

13:30 – 13:45 KOMUNIKAZIOAK. “Ulibarri-Ganboa, la memoria sumergida” Fernando Sánchez Aranaz (historialaria, Martin Ttipia). Dokumental laburra.

13:45 – 14:00 ITXIERA ETA ONDORIOAK: AMAIA APRAIZ (jardunaldiaren zuzendaria)

Urriak 16, 17:00etan, Iruñean. BISITA GIDATUA: “Las fuentes de Pamplona”, Víctor Manuel Egiarekin. Urari lotutako iturri, putzu eta monumentu nagusiak ikusiko ditugu, eta Víctor Manuel Egiak uraren ekarpenaren historiaz eta hiriko azpiegiturez hitz egingo digu. Uraren kokapena, historia eta ondare-balioa izango ditu ardatz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!