Aldarrikapen berrien premiaz

Juan Kruz Lakasta 2021ko urr. 6a, 07:58

Erizaintzako lan eskaintza publikoa birformulatzeko bidea proposatu du Geroa Baik: 2011ko foru agindu bat berreskuratzea. UPNko Gobernuak onarturiko agindu hark euskara baloratzeko aukera ematen zuen. Eta zuzenketa txiki bat aski litzateke 2009ko dekretuaren baliogabetzera egokitzeko.

Geroa Bairen eta PSNren jarrerak ere hurbildu dira. Atzo, Parlamentuan,  Ana Ollo kontseilariak Euskararen Dekretua ahalik eta lasterren onartzeko eskatu zuen. Javier Remirez lehendakariordearen erantzuna PSNko parlamentuko eledun bezperako jarrera oldarretik urruti egon zen: “Gobernuak ahalik eta lasterren eginen du aurrera dekretuaren eraketan eremu mistoan euskara baloratua izan dadin”.

Hurbil egon liteke Euskararen Dekretuaren onarpena. Azken egunotan Parlamentuan izan diren mugimenduak ez ote dituzten egin horren jakitun.

Ikusi beharko da zein edukirekin onartzen duten dekretua. Izan ere, Geroa Baiko kontseilari Ana Olloren departamentuaren ardura izatetik Javier Remirez lehendakariordearen ardura izatera igaro da. Hau da, PSNk bere kasa landu du. Ikusteko dago, beraz, gutxieneko aurrerapausorik dakarren, UPNren garaietakoekin alderaturik. Eta esan gabe doa euskaldunok eta euskaltzaleok urrats gehiago egin daitezen borrokatzen segitu beharko dugula.

Edonola ere, euskararen inguruan badira gai gehiago. Eta euskalgintzak ez ote lituzkeen horiek mahai gainean jartzen hasi beharko.

Erran nahi baita azken urteotan eskuin politiko eta mediatikoa hizkuntza politikari buruzko eztabaida lan eskaintza publikoetan kokatu nahi izan duela, horretan tematu dela, diskurtso euskarofobo eta tranpatiaren bitartez etekin politiko eta elektorala erdiesteko.

Badira LEPekin batera lehen planoan jartzeko moduko bestelako aldarrikapenak, agian gehiengo sozial eta politiko zabal baten sostengua lortzeko aproposagoak. Konparaziora, euskara ikasteko doakotasuna, aurrerapauso handia litzatekeena. Eta Nafarroako euskaldunok, Nafarroako euskalgintzak, badu gehiengo sozial eta politiko zabal baten sostengua lortuz aurrera egiteko premia larria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!