Urriaren batetik aurrera, Nafarroako Gobernuak koronabirusaren aurkako neurriak bertan behera utziko ditu. Pandemiaren balorazioa egiteko ordua iritsi da. Eta balorazioa egiteko tenorean, daturik lazgarrienetik, heriotzetatik hasi behar: datu ofizialen arabera, Nafarroan 1.243 lagun zendu dira Nafarroa Garaian koronabirusarekin, pandemia hasi zenetik.
Inork esan ez dezan horiek guztiak edadetuak direla eta bestela ere zenduko zirela: 2020 urtean hildako kopurua %20 hazi zen Foru Erkidegoan, hildako kopurua azken hamar urteotako batez bestekoarekin alderatzen badugu.
Nafarroa (Hego Euskal Herria, oro har), Europako batez bestekotik oso gora ibili da koronabirusak eragindako heriotza kopuruan. Batez besteko adina, klima eta ohitura sozialak aipatzen dira horren balizko eragileen artean.
Alta, gure osasun sistema ere jo puntuan jarri du pandemiak. Datu bat: Hego Euskal Herrian 3,3 ospitale ohe dauzkagu 1.000 biztanleko. Ipar Euskal Herrian 6,6 dauzkate.
Bistan da halako pandemiei aurre egiteko, eta pandemiaren aurreko artatze maila berreskuratu ahal izateko, osasun sistema publikoa indartu beharra dagoela. Inbertsio publikoa handitu behar dela, alegia.
Halaber, ezin atzendu pandemiaren zartakoa gogorren jaso zuen eremua: zaharren egoitzena. Han bizi diren pertsonen bizi baldintzak eta han lan egiten duten pertsonen lan baldintzak hobetzeko premia larria dago.
Adin taldeen beste muturrean, haurrak. Zein nolako neurri zorrotzak ezarri zaizkien. Beste talde guztiei baino zorrotzagoak. Konfinamendurik gogorrenaren garaietan, zakurrei baina zorrotzagoak, literalki.
Konfinamenduaren, alarma egoeren kontura areagoturiko kontrol sozialari buelta eman beharko zaio.
Eta Europako langabezia tasarik altuenetakoa duen gure gazterian sindemiak eragindako etsipenari eta horrek pizturiko gatazkei ere bai.
Krisi ekonomiko eta soziala ahantzi gabe. Aldi Baterako Lan Espedienteek eta Foru Gobernuaren hainbat laguntzak rol garrantzitsua izan dute, hondamendi soziala eragozteko tenorean. Europako funtsek datozen hilabeteotan lagunduko dute.
Ea ez duten betikoek irabazten, eta betikoek galtzen.