Mendiola: “Nafarroako herri mugimendua eta erakundeak aitzindariak dira memoria historikoan”

Juan Kruz Lakasta 2021ko ira. 28a, 11:05

Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsak 1936 eta 1948 bitartean Nafarroako errepresioan jasotako 3.507 hildako erregistratu ditu.

Lana Nafarroako Parlamentuan eta Bilbon, molde honetako funtsei buruzko jardunaldi batzuetan aurkeztu berri dute. Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikerlari Fernando Mendiolak gidatu du lana. Gaur goizean Metropoli Forala saioan elkarrizketatu dugu.

Errepresio frankistak Nafarroan eragindako hildakoen erregistro definitiboa al da aurkeztu duzuena?

Guk ikasleei beti esaten diegu historian ez dagoela egi definitiborik. Hori aintzat hartuta, hurbil egon gaitezke. Nafarroa herrialde aitzindaria izan zen errepresio frankistak eragindako hilketa kopurua aztertzen, Jose Maria Jimeno Jurioren eta Altafaya elkartearen eskutik. Baina geroztik kasu gehiago azaldu dira tantaka-tantaka, ekarpen eta argitalpen berriak izan dira. Funts dokumentalean hainbat urte daramatzagu horiek guztiak biltzen eta sarean jartzen. Hori guztia bildu dugu, dokumentu batean sartu dugu, eta sarean konpartitu dugu, denon eskura. 

Nafarroako herri mugimendua aitzindaria izan zen memoria historikoa lantzen. Esan daiteke orain administrazio publikoetan eta mundu akademikoan Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere aitzindariak izaten ari direla lan horretan?

Baietz uste dut. Besteak beste, memoria politikak oso urriak direlako Estatuan. Hemen azken urteotan, aldaketaren gobernua osatu zenetik, eta Memoriaren Institutua sortu zutenetik, neurri nahiko interesgarriak hartu dira eta erreferente bilakatu dira Estatuan. Errepresioaren datu funtsen inguruan gauza bera gertatu da. Irailaren 22an topaketa batzuk egin ziren Bilbon, Estatu osoko datu baseen proiektuak aztertzeko. Eta hor agerian geratu zen azken batean guk daukagun datu basea, bai errepresio mota ezberdinen inguruan baita erabiltzaileek informazioa eskuratzeko dituzten bideei dagokienean ere, nolabait esateko Estatu mailako goiko postuetan gaudela.

 

Funts digitalean sartzen garenean, nola topatuko ditugu datuak? Nola antolatu dituzue?


Guk batez ere hiru kategoria nagusirekin egiten dugu lan. Alde batetik daude zuzenean erailak izan ziren pertsonak. Horietatik 2.934 dauzkagu datu basean. Gero baditugu gatibualdian hildakoak, espetxean gaixorik hil zirenak, espetxeko baldintzen ondorioz. Hori ere erailketa mota bat da, jakina. Eta horiek 448 dira. Eta gero beste talde zabal bat dugu, Nafarroan bereziki aipatu behar dena, beste testuinguru batean errepresioaren ondorioz hildakoak. Horiek 125 dira. Horien artean daude, adibidez, hainbat suizidio espetxetik kanpo gauzatutakoak baina errepresioarekin lotutakoak, edo errepresioarengatik ihes egin, alde errepublikarrera joan eta gerran hildakoak. Aipatu ditudan multzo nagusi horien barruan, azpimultzoak aurki ditzakegu. Sexua, militantzia, geografia... Nafarroan beti esan izan dugu 3.000 errepresaliatu baino gehiago hil zituztela. Gero horiek aletu behar dira, sailkatu behar dira, aintzat hartu behar da haietako ehundaka batzuk ez zirela nafarrak baizik eta hemen eraildakoak, batez ere Ezkabako espetxearen eta langile batailoien inguruan.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!