Euskalerria Irratiko kolaboratzaile Ibai Fernandez pantailaratzean izan zen atzo. Gaur Diario de Noticias egunkarian argitaratu duen kronikan dio saioa tsunami bat izan zela. Eduardo Santos Justizia eta Migrazio Politika kontseilariak Euskalerria Irratian iritzi horrekin bat egin du.
Santosen aburuz, atzokoa tsunamia izan zen lehenik eta behin kultura presoei gerturatu zitzaielako: “Presoentzat oso fuertea izan zen pil-pilean dagoen eta nola edo hala espetxeaz hitz egiten duen pelikula bat ikusi ahal izatea, eta gero zuzendariarekin hitz egin ahal izatea”. Horretaz gain, tsunamia izan zen “Maixabel Lasak bere ahots indartsuarekin behin eta berriz aldarrikatu zuelako pertsona guztiek merezi dutela bigarren aukera bat, non eta espetxean”.
EPPK-ko kiderik ez, pantailaratzean
Hirurogeita zortzi presok ikusi zuten pelikula. Haien artean ez zen izan Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kiderik, nahiz eta egun horietako 10 dauden Iruñeko espetxean preso. Santosen irudikoz, “horri ez zaio garrantzirik eman behar, Maixabelen ahots indartsuarekin halako mezu bat espetxera iristea jada aurrerapauso handia delako”.
Kazetariak saioan egoteak eta hartara ekitaldi publikoa izateak parte hartze hori zaildu duen galdetuta, zalantzak azaldu ditu Santosek: “Agian ez dute publikoki agertu nahi izan haien erreakzioekin, eta pribatuan egin lezakete. Baina ezin da ahaztu hiltzea, terrorismoa ekintza publikoak direla, publikoari zuzendutakoak. Duela hamar urte baino egoera hobean gaude. Baina exijitu behar zaie”.
Bere garaian, Eduardo Santosek bitartekari lanak egin zituen Maixabel Lasaren eta haren senarraren hiltzaileen artean. Etorkizunera begira molde horretako topaketek zein rol jokatu behar duten argi du Santosek: “Bide bat izan daiteke, baina biktima bakoitzak erabaki behar du zer egin nahi duen bere minarekin”. Hori bai, Administraziotik “bide hori eskaini behar da beste askoren artean”.