Nafarroako erakundeetan aldaketa "nabarmena" eman da azken sei urteetan, Geroa Baiko eledun Uxue Barkosen iritziz. "Hein handi batean, Geroa Bairi esker", Euskalerria irratian zehaztu duenez. PSNrekin duen koalizio gobernuaren apostua berretsi du Geroa Baik datozen bi urteetarako. Ostiralean egin zuten urte politikoa abiatzeko ekitaldia, bertan adierazi zuten negoziatzeko amore eman eta partekatu egin behar dela. Euskalerria Irratian gaur, baina, ez du zehaztu Barkosek zertan dagoen prest Geroa Bai amore emateko.
Euskararen gaia da Geroa Baik PSNrekin duen desadostasun nagusienetako bat. Azaroa baino lehen iritsiko da 2022ko aurrekontuen lege proposamenaren negoziazioa Nafarroako Parlamentura, eta Barkosek zehaztu du "orain arteko jarrera" manteduko duela Geroa Baik, euskararen alorrean egin diren "hobekuntzen bidetik jarraitzeko".
Nafarroako Gobernuak, Javier Remirez presidenteordearen departamentutik, proposatu duen euskara administrazioan arautzeko dekretu berria datozen bi urteetan eztabaidatuko da. Eremu ez-euskaldunean euskara meritu gisa ez hartzea proposatu du PSNk, gobernu kideekin adostasunik gabe. "Ezin dugu onartu euskararen posizio ahul hori Nafarroako hainbat herrietan".
"Nafarroako eskumenak indartu behar dira"
Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuak errenta ertain eta baxuentzako zergak jaistea proposatu du datorren ekitaldi fiskalean. Preso fiskalaren gaia, Nafarroako Administrazioaren azpiegitura ekonomikoa orokorraren diseinuan ezarri du Barkosek. "Nafarroak aurrera egin behar du datozen urteotan, autogobernuari begira, Nafarroako posizioa indartzen. Zentzu horretan, mezu bat bidai genion PSNri: Madril ezin da freno bat izan gure ibilbidean", adierazi du.