Kanpainaren leloa hitz joko elebiduna da: “Euskara ahora!”. Kanpainako bideo koloretsuan, hainbat gazte dantzan ikus ditzakegu, estilo urbanoan. Aurtengo kanpainaren helburua gazteak euskaltegietara erakartzea baita. Horretarako, bideoan euskarak kultur mundu zabalagoa eta lan zein ikasketa aukera oparoagoak zabaltzen dizkizula nabarmendu dute, besteak beste.
“Euskararentzat etorkizuna irabazteko gazteak irbazi behar ditugu”, nabarmendu du Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregik. HAlaber, euskara irakasleen engaiamendua nabarmendu du Arregik.
240.000 euroko laguntzak ikasleentzat
Euskara ikasi nahi duten gazte zein helduagoei aurten 224.000 euroko diru laguntzak emanen dizkie Euskarabideak, iaz baino 33.000 gehiago hain zuzen ere. Laguntzak irailaren 27tik urtarrilaren 25era eskatu ahal izanen dira.
Euskara ikasteko izena emateko epea iraila amaierara arte izanen da zabalik ikastetxe guztietan, Zubiarte ikastetxe publikoan izan ezik. Zubiarten ostiralean, irailaren hiruarekin amaituko da epea.
“Herritar askok kemenez ekiten diote euskara ikasteari, eta horrek dakarren zama ekonomikoarekin egiten dute topo, horregatik dira beharrezkoak laguntzak”, nabarmendu du Erronkariko Batzordeko buru Eneko Egigurenek, ekimenean parte hartu duten 34 tokiko entitateen izenean.
Doakotasunaren xedea
Herri ekimeneko euskaltegien ordezkariak pozik azaldu dira euskara ikasleek iragan ikasturte pandemikoan emandako erantzunarekin. “Ikasleen erantzuna itzela izan da, pandemiaren ondorioz zer gertatuko zen ez jakin arren”, azaldu du AEK-ko Nafarroako koordinatzaile Beatriz Buldainek.
Nafarroako Gobernuak antolaturiko kanpainarekin ere kontent azaldu dira AEK eta IKA. Haatik, harago joan beharra dagoela gaineratu dute. “Oraindik urrats asko egin behar ditugu doakotasunera iristeko”, nabarmendu du Buldainek.