Mexikoko Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdian lehiatuko da 'Non Dago Mikel?'

Euskalerria Irratia 2021ko abu. 20a, 13:13

Mikel Zabalzaren kasuan sakontzen duen film luze dokumentalak Aipamen Berezia jaso zuen Donostiako Zinemaldian.

Amaia Merino eta Miguel Angel Llamasek zuzendutako Non Dago Mikel? dokumental luzea Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Zinemaldiaren 36. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko da urrian. Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren kronika (1985eko abenduan agertu zen hilda, Guardia Zibilak atxilotu ostean), izen handiko nazioarteko lehiaketen zirkuitoan egindako ibilbideari ekingo dio.

Amaia Merino zuzendarikidearen ustez, Non Dago Mikel? filmak kategori handiko zinemaldi baten Sail Ofizialean parte hartu izanak filmaren kalitatea eta jorratzen duen gaiaren interesa eta gaurkotasuna erakusten ditu. Bestalde, Zabalza familiak egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde egin duen borroka ezagutarazteko aukera paregabea dela erantsi du Miguel Angel Llamas “Pitu”k.

Espainako Estatuan aurten gehien ikusi den filmetako bat izan dela dio Izaskun Arandiak, filmaren ekoizleak. Gainera, mundu-mailako estreinaldia Donostiako Nazioarteko Zinemaldian izan ondoren, FICGko hautaketari esker mugak gainditu eta Mikelen istorioa Mexikoko publikoarengana iristeak ilusio handia egiten digu.

Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Euskal Zinemaren Irizar Sariaren epaimahaiak Aipamen Berezia eman zion filmari bere nazioarteko premièrean. Gainera, Bizkaiako Aldundiak memoria historikoa jorratzen duten dokumental-formatuko lanak saritzen dituen Lauaxeta 2020 saria jaso zuen filmak, ikus-entzunezkoen sailean.

IZAR Films eta Ahotsa.info-k ekoitzitako filmak, garaiko artxiboko materiala eta kasuarekin zerikusia zuten pertsonen egungo testigantzak uztartzen ditu, eta 15.000 ikusle baino gehiago eta ia 80.000 euro bildu dituen mugarri bihurtu da, Atera Films-en eskutik zinema-aretoetan estreinatu ostean.

Albiste hau Ahotsa.info-k landu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!