Joan den astean Nafarroan ezarritako etxeratze agindua abuztuaren 5era arte luzatuko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren abalaren ondoren. Hala, Nafarroako Gobernuak asteburuetan eta ez-festa egunetan 01:00etatik 06:00etara arte etxeratze agindua ezarri beharko duten hiri eta herrien zerrenda berria zehaztu du. 100.000 biztanleko 14 egunetan 250 kasutik gorako balioak dituzten herrietan aplikatzen jarraituko da, eta 7 egunetan 125 kasutik gora dituztenetan. Auzitegiek astero baimendu beharko dute zerrenda.
Orotara, 272 udalerrietatik 135 sartzen dira zerrendan. Zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu den foru aginduaren barruan dago. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari ere jakinaraziko zaio.
Gaurtik aurrera, hamasei udalerri berrik izango dute etxeratze agindua. Hauek dira: Aberin, Allin, Arano, Beintza-Labaien, Bidaurreta, Zirauki, Ergoiena, Etxarri Aranatz, Izagaondoa, Lerin, Melida, Nabaskoze, Otsagabia, Oiz, Pueyo eta Villamayor de Monjardín. Aitzitik, joan den asteburuan zirkulazioa mugatua zuten 22 udalerritan neurria kenduko dute. Hauek dira: Anue, Bargota, Biurrun-Olkoz, Fitero, Fustiñana, Garde, Garinoain, Goñi, Ibargoiti, Larraga, Larraun, Lazagurria, Lezaun, Lizoain-Arriasgoiti, Lukin, Mues, Olaibar, Orbara, Roncal, Villa Rebas-Murebeta.
Horiez guztiez gain, etxeratze agindua duten herri eta hirien zerrendan aurkitu daitezke, besteak beste, Iruñea, Tutera, Berriozar, Lodosa, Doneztebe, Altsasu, Lizarra, Barañain, Bera, Agoitz, Erriberri, Gares, Atarrabia, Auritz, Viana, Irunberri edota Tafalla.