Sartagudako Nafarroa Aurrera elkartearen ekimenez, Agerraldiaren bultzadarekin eta Udalaren babesarekin, herri horretan kale izenetako plakak euskaraz eta gaztelaniaz jartzen hasi dira, eta proposamen hori bera beste herri batzuetara zabalduko dute orain. Gaur egin dute egitasmoaren aurkezpena Sartagudan, eta plaka berriak jartzen hasi dira.
Sartagudan, azken hamar urteetan euskara joan da bere bidea egiten, poliki; jaietako programetan, hiriko seinaleetan, eraikin publikoen errotulazioan edota Euskaraldiako parte-hartzean. Eta ekimen honekin beste urrats bat egin nahi izan dute euskararen normalizaziorako norabidean. Kaleen izenak euskaraz ere irakurri ahal izango dira orain, eta horrez gain, erregistro eta katastroetan ere euskaraz erregistratuko dituzte; modu ofizialean, beraz.
Beste toki batzuetan baliteke kale izenak bi hizkuntzetan izatea egintzat jotzea, baina Sartagudan, ordea, lorpen esanguratsua da. "Nafarroa hegoaldean euskararen normalizaziora eramango gaituzten kale eta kalezuloetan aurrera egiten jarraitzen dugu. Batzuk kale hauek irteerarik gabeko kalezuloak edo labirintoak izan daitezen saiatzen badira ere, bide zabalak dira gureak, irteera asko eta guztientzako lekua dutenak. Eta, jakina, herria ere edertzen dugu gure lurraren aberastasun linguistikoarekin, bere izkinetan eta bere etxeetako fatxadetan Nafarroako altxorrik baliotsuenetako bat jarriz, bere hizkuntza", adierazi dute Nafarroa Aurrera eta Mertxika Sartagudako Gatzeak taldeetako kideek gaurko agerraldian.
Sartagudan herri kultura eta euskara bultzatzeko helburua du Nafarroa Aurrera taldeak, eta hark bultzatu du egitasmoa. Baina aurrera ateratzeko, Agerraldia ekinbidearen bultzada eta Sartagudako Udalaren babesa jaso du. Udalari iazko otsailean aurkeztu zioten proposamena, eta onartu egin zuen, eta Agerraldiak plaken kostuaren % 30 finantzatu du.
Beste batzuk bide beretik
Sartaguda izan da lehena pausoa ematen, baina inguruko beste herri batzuek ere zuen bidea jarraitzea erabaki dute, Mendabiak eta Lodosak, zehazki. Mendabiako Euskara Taldeak bere udalean aurkeztu du proposamena, kaleen izen eta plaken aldaketa Mendabian ere gauzatu dadin. Era berean, Lodosa Bizirik taldeak gauza bera egingo du laster bere herriko udalean. Bi ekimen horiek Agerrldiaren babes ekonomikoa eta laguntza dute, eta, Sartagudatik bi herrietako udalak animatu dituzte beren ereduari jarraitzeko. "Aurrera egin dezaten euskararen presentzia normalizatzeko bide berean, hegoaldean, Ebroren ertzean".